Nagusien aldarrikapenak ozen entzun dira Nagusien Biraren bidez
Manifestuaren egileek zahartze aktiboa sustatu nahi dute. Udalak nagusien ongizatea bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bederatzi eskaera egin dizkiote udalariNagusien balioaz eta eskubideen defentsaren garrantziaz sentsibilizatzeko kanpaina G...
Manifestuaren egileek zahartze aktiboa sustatu nahi dute. Udalak nagusien ongizatea bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Bederatzi eskaera egin dizkiote udalari
Nagusien balioaz eta eskubideen defentsaren garrantziaz sentsibilizatzeko kanpaina Gipuzkoatik dabil, eta, atzo goizean Mutrikura heldu zen. Goiko Plazan, Jose Angel Lizardi alkatearekin batu eta Nagusien Biraren manifestua eman zioten.Alkatearekin batu ziren nagusien ordezkariak, hain zuzen ere, Mutrikuko Anaiarte nagusien elkarteko lehendakari Eusebio Azkue eta idazkari Anbroxi Goenaga eta Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteko lehendakariorde Felix Elkoro. Nagusien Biran parte hartzen ari diren hainbat lagun elkartu ziren, ekitaldiaren lekuko.
Manifestuaren egileek zahartze aktiboa sustatu nahi dute, eta pentsioen jasangarritasuna bermatu. «Garrantzitsua da pentsio duineko pertsona nagusiek eros-ahalmena galtzen ez duten sistema publikoa bermatzea», adierazten da idatzian. Horregatik, pentsio igoera KPIari lotuta egon behar da, haien ustez.
Udalari egindako eskaerak
Udalari bederatzi eskaera egin dizkiote manifestuaren bidez: erretirodunen zentroekiko harreman instituzional hobea bultzatzea, zentroen jasangarritasun ekonomikoa bermatzea, pentsio duin eta zuzenago baten aldeko eskabideak babestea, mota guztietako hesiak ezabatzea eta herriko espazioak pertsona guztientzat ahalbidetzea, Euskadi-Lagunkoia proiektuarekin bat egitea, herri mailako Pertsona Nagusien Kontseiluak bultzatzea, heziketa aktiboa bultzatzea, domotikaren aldeko apustua egitea eta ez desiratutako bakardadearekin eta isolamenduarekin amaitzea.
Alkatearen hitza
Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak bat egin du nagusien aldarrikapenekin. «Gero eta erretiratu gehiago daude, eta gero eta gutxiago kotizatzen da. Beraz, ongizateko zerbitzu guztiei erantzun ahal izateko, erakundeen inplikazioa beharrezkoa da; denon artean koordinatu behar gara. Mutrikuko Udalean, Anaiarte nagusien elkartearekin harreman zuzena daukagu, eta interesgarria da beraien aldarrikapenak ezagutzea. Guk ahal dugun neurrian lagunduko diegu», adierazi du.