Irrintzi eta alaitasunez, 50 urtez dantzan

Busturiko Irrintzi Alai Dantza Taldeak 50 urte bete ditu, eta urteurren borobil hori ospatzeko ekitaldi berezi eta hunkigarria egin zuten zapatuan, Altamiran. Adin guztietako jendea bildu zuen ospakizunak.

Berrogeita hamar urte ez dira hain erraz betetzen, eta behin urteurren horretara ailegatuta, merezi du ondo ospatzea, egun batean zein bestean gogoraraztea.

Urtean zehar ospatu izan dute modu batera edo bestera, baina zapatukoa berezia izan zen; kolore eta soinu bereziz girotu zuten Altamira auzoa. Ume, gazte zein heldu elkartu ziren bertan; 50 urte horietan dantzan aritutakoak. Guztira, 80-100 bat dantzari. San Migel jaiak ospatzeko modu bikaina aukeratu zuten.

Irrintzi Alai Dantza Taldearen 50. urteurrena. Argazkia: Txebi Arriaga.

Duela zenbait urte taldean aritutako dantzariek ere parte hartu zuten ekitaldian. Argazkia: Txebi Arriaga.

Dantzariek hartu zuten eguneko nagusitasuna, eta duela zenbait urte zein oraintsu ikasitako dantzak plazaratu zituzten: Agurra, Dantzari Dantzako sortakoak, Xoxo dantza, Eusko Dantza, Zaragi dantza, Gorularien arku dantza, Sardiñerak, Bizar dantza, Axuri beltza eta Ikurrinarena…

Bost urteko umeak ikus zitezkeen dantzan, eta baita 70 urtekoak ere. Bien bitartekoak ere asko izan ziren. Aspaldian elkar ikusi gabekoen topagune ere bilakatu zen Altamira auzoa.

«Egun berezia» izan zen zapatukoa, Irrintzi Alai Dantza Taldekoen arabera. Guztia antolatzeak lana eman badie ere, «merezi» izan duela argi dute: «Egunak lagundu egin zuen, eta guztia atera zen ondo. Jende dezente batu ginen, eta parte hartzea ere ona izan zen».

Irrintzi Alai Dantza Taldearen 50. urteurrena. Argazkia: Txebi Arriaga.

Kalejiran hasi zuten eguna ume, gazte zein helduek. Argazkia: Txebi Arriaga.

Izan ere, dantzariak ez ezik, herritar ugari ere bildu ziren zapatuan, protagonistekin batera egunagaz gozatzeko.
Goizean hasi zuten eguna, 10:00ak inguruan. Txistularien kalejira egin zuten Altamiran bertan. Eta mezaren ostean egin uten ekitaldi nagusia.

Bazkal aurrea doinuz alaitzeko, kantu poteo herrikoia egin zuten, eta hori bukatutakoan abiatu ziren bazkaria jatera 250 bat lagun. Bazkalostea ere girotu zuten doinu eta dantzez.

Umeentzako jolasak. Arratsaldean, bertaratutako gaztetxoenentzako ondo pasatzeko aukera ere eman zuten. Herriko Harriberri elkarteak antzinako herri kirolak ezagutzeko jolasak antolatu zituen: sokatira, zaku lasterketa…

Dantzan jartzeko unea ere iritsi zaien berriro , gauean. Beste hainbat herritan egiten duten legez, herrian bertan ere, Larrain Dantza dantzatzeko hitzordua jarri zuten. Eta amaitutakoan, gorputzak astintzen jarraitu zuten, EinGoren konpainian, erromerian. Festak, hartara, gauerdira arte iraun zuen Busturian.

Ondo barneratutako ikasketak denboran mantentzen dira, eta zapatuko egunak emandakoagaz ere gauza bera egingo dute: oroituko dira 50. urteurrenaz, gogoan izango dute egun horretako giro eta jaia. Eta hurrengo urteurrenera bitartean, dantzez gozatzen jarraituko dute, herri eta auzoak euskal kulturaz koloreztatzen.

42500476_1891232350965138_6707157612472827904_o

Ikuskizun berezia prestatu zuten zapaturako. Argazkia: Txebi Arriaga.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend