Pinudiak gaixotzen hasi dira

Azken hilabeteotan kolore marroi-gorrixka zabaltzen doa pinuz pinu. Eta horren erantzulea banda marroia da.
Banda marroia deritzon gaitza kaliforniar jatorria duen pinuei (pinus radiata) kalte handia eragiten ari da.

Lecanosticta acicola onddoak eragiten duen gaixotasuna duela urte batzuk agertu zen inguruetan, baina gaixotasunaren gogortasunak gora egin du lur eremu zabaletan, eta urtetik urtera sintomak larriagoak dira. Azken hilabeteotan ezohiko egoera bat gertatu da hedapen azkar bategaz, pinudi asko arriskuan jarriz.

Ihartzen hasitako pinuak

Ihartzen hasitako pinuak

Adituek agertu dutenaren arabera, bandak Gipuzkoatik datoz, eta mendebalderantz hedatzen ari dira bizkortasunez. Lurralderik kaltetuena Gipuzkoa da. Debabarrena ingurua da kaltetuenetariko bat, Urola Kostaren atzetik. Gaixotasunak Bizkaian ere pinudi sail zabalak jota utzi ditu. Ekialdean nabarmenagoak dira kalteak. Lea-Artibai, esate baterako, eskualderik-eta kaltetuenetariko bat da, Durangaldeagaz eta Arratiagaz batera.

Oraindik ez dakite ziur zenbat pinudi dauden gaitzak jota, baina kaltea handia da. Bizkaian, esaterako, uztailean egindako azterketa batean 16.000 hektarea inguru zeuden gaixo, pinudien %25a.

Hezetasuna eta tenperatua altua behar ditu onddoak, eta horretatik asko egon da azkenaldian; negua oso hezea izan da, eta uda, berriz, oso epela eta lehorra

Gaitza zabaltzen ari den heinean, kezka ere zabaltzen ari da pinadien jabeen artean. Erakundeak ere arduratuta daude, eta kaltetuekin batera arazoari erantzuna eman nahian dabiltza, baina, gaur-gaurkoz, gaixotasunaren aurrerapena gelditzea zaila da. Munduko herrialde batzuetan lortu bada ere, Zeelanda Berrian, esaterako, oraingoz, ez dago gaixotasuna sendatzea bermatzen duen tratamendu eraginkorrik, ez eta ere gaitzak kaltetu ez dituen zuhaitzak kutsatzea eragozteko botikarik.

Gaitzari dagokionez, azken hilabeteotako baldintza klimatologiko aldakorrek eragin nabarmena izan duela uste dute adituek. Hezetasuna eta tenperatura altua behar ditu onddoak, eta horretatik asko egon da azkenaldian; negua oso hezea izan da, eta uda, berriz, oso epela eta lehorra.

Onddoek kaltetuako pinudi bat

Onddoek kaltetuako pinudi bat

Onddoak, batez ere, euren sasoirik onenean dauden intsignis pinuen baso gazteei eragiten die mozteko txanda iritsi aurretik, eta hazkuntza galarazten dute. Onddoa pinuaren ostoan sartzen da. Zuhaitzaren orriak lehortzen ditu lehendabizi. Gero, hosto guztiak igartzen ditu zuhaitza orririk barik utziz. Azkenik, zuhaitz osoa ihartzen eta gaixotzen da, eta pinua hil ere egin daiteke.

Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko zuhaitz espezie hedatuena eta nagusiena da pinua, eta baso azalera handia hartzen du. Baina aurreikuspenak betetzen badira, bost urteren buruan pinu landaketa ia guztiak pinuen osasuna erabat kaltetzen duten onddoek jota egongo dira.

Egurraren sektoreak neurriak eskatu ditu pinuen gaixotasunari aurre egiteko, eta bide horretatik, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako foru aldundiak, basogintza sektoreagaz eta Eusko Jaurlaritzagaz batera lanean ari dira gaixotasuna kontrolatzeko.

Datuak kontuan hartuz gero, ohikoa baino %25 mozketa gehiago egingo dira aurten

Pinudietako asko erabat gorritu dira, eta gaitzetik babesteko zuhaitzak moztea erabaki dute askok. Datuak kontuan hartuz gero, ohikoa baino %25 mozketa gehiago egingo dira aurten. Hala, onddoa sektorean eragiten ari den kalte ekonomikoa arintzeko diru laguntza lerroen ezarpena ere egin da. Bizkaiko Foru Aldundiak, esate baterako, 1,4 milioi euroko partida osatu du.

Hitzaldia Mutrikun. Kaltetutako zonaldeetako bizlanleei egoeraren berri emateko bilerak ere egiten ari dira. Mutrikun, esaterako, “egoera larriak lur jabeei eta gizarte osoari era bortitzean eragiten diolako” gaiagaz lotutako hitzaldia egingo dute urriaren 11n, 19:00etan, Zabiel kultur etxean.

Basogintzarako eredu berriak jakinarazteko berbaldia izango da. “Eslovenia, Suitza eta Alemaniatik datozen hiru hizlari etorriko dira inguru horietako basogintza ereduak azaltzera”. Adierazi dutenez, hitzaldiaren helburua ingurumenari hurbilago dagoen basogintza bat azaltzea, lan gutxiagorekin etekin ekonomikoak ziurtatzea eta eukaliptoa moduko espezieen monokultiboa ekiditzea da, “etorkizun hurbilean gaur egungo egoera penagarrian ez egoteko”.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend