Irailaren 29an Gernika-Lumon gauzatuko duten ekimen nazionalean herriko eragile sozialak eta herritarrak izango direla adierazi dute.
“Marraztu daigun gure herriko historia” lelopean, Gure Esku Dagok Gernika-Lumoko herriari elkarlan prozesu horretan
parte hartzeko deia egin dio ekimen nazionala prestatzeko. “Denen artean, kutsu artistiko eta politiko handiko ekitaldi berezia” antolatu nahi dutela azpimarratu dute gaur eguerdian Astran egindako agerraldian.
Adierazi dutenez, parte hartzea garrantzitsua da datorren asteko ekitaldirako, eta “Gernikako herriak daukan historia aprobetxatuz indarrak batzeko” asmoa erakutsi dute. Ekimena Gernika-Lumoko herritarren Kataluniarekiko elkartasuna erakusteko “aukera paregabea” dela uste dute.
Astelehenetik aurrera. Ekimena prestatzeko lanak irailaren
24tik 28ra arte egingo dituztela esan dute, eta herritar guztiei parte hartzeko deia egin diete. Horrela, Gernikako bizilagunen artean
obra kolektibo bat sortzeari ekin diote, eta hori hilaren 29an, ekimenaren egunean, borobilduko dutela esan dute.
Kataluniako erreferendumaren urteurrena baino egun bat lehenago egingo dute ekimen berezia, eta bertan Kataluniari, hango preso politikoei, exiliatuei, errepresaliatuei eta haien senideei elkartasuna adieraziko diete, “demokraziaren defentsan”.