Operaren mundua barrutik ezagutzeko aukera ekarriko dute Lekeitiora
Operari buruzko hitzaldi didaktikoa gaur 19:00etatik aurrera eskainiko dute, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. 'La Boheme' operari buruzko hainbat xehetasunen berri ere emango duteLekeitioko Udalak eta ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak elkarlane...
Operari buruzko hitzaldi didaktikoa gaur 19:00etatik aurrera eskainiko dute, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. ‘La Boheme’ operari buruzko hainbat xehetasunen berri ere emango dute
Lekeitioko Udalak eta ABAO-OLBE Operaren Lagunen Bilboko Elkarteak elkarlanean antolatuta, Oihalaren atzean-Opera baten muntaketa hitzaldia emango dute gaur, 19:00etan, Lekeitioko Ikusgarri aretoan. Hitzaldira hurreratzen direnek operaren mundua barrutik ezagutzeko aukera paregabea edukiko dute. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, ekintza doakoa izango da. Ordubete eta laurden inguruko iraupena dauka, eta publiko guztiari zuzenduta dago.Hitzaldi didaktikoari dagokionez, helburu nagusia opera herritarrengana gerturatzea da. Aitziber Aretxederra ABAO-OLBEko programa didaktikoaren arduradunak aurreratu duenez, opera bat zelan sortzen den eta berorren muntaketari buruzko xehetasunen berri emango dute hitzaldian, agertokian egoten diren artistengandik hasi, eta oihalaren atzean aritzen diren langileetara arte. «Ekoizpen baten alderdi nagusienak ezagutzera emango ditugu. Opera bat muntatzeko zein baliabide material edo pertsonal behar diren azalduko dugu».
Besteak beste, ikusleek agertokian ikus ditzaketen pertsonen (opera abeslari baten, orkestraren edota zuzendari musikalaren) beharrari buruz ariko dira. «Horiek guztiak agerian dauden elementuak eta lanak dira, baina askotan ahaztu egiten zaigu opera bat beste lanbide batzuei esker ere egiten dela. Oihalaren atzean egiten diren lan horiek ere, besteek besteko garrantzia dute». Bide horretatik, jostunen, makillatzaileen, jantzitegiaren, attrezzo-aren, kamerinoen, entsegu gelen, talde teknikoen… garrantziaren berri ere emango dute.
Ikus-entzunezkoak ere erabiliko dituzte opera baten prestaketa lanak eta azken emaitza ezagutzera emateko, eta, horretarako, opera ezagunen hainbat zati proiektutako dituztela jakitera eman dute. Azalpenak ematera etorriko direnek, gainera, opera munduan daukaten esperientzia partekatuko dute hitzaldira doazenekin.
Gonbidapen berezia
Era berean, urriaren 20tik 29ra antzeztuko duten La Boheme operari buruzko hainbat xehetasunen berri ere emango dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hitzaldira gerturatzen direnei ekoizpenaren entsegu bat ikustera joateko gonbidapena luzatuko diete.
Ohi modura, hitzaldia amaitu eta gero, nahi dutenek galderak egiteko tartea izango dute. «Eurek dituzten zalantza guztiak argitzen ahaleginduko gara». Era berean, ezusteko bat edo beste ere egongo dela aurreratu dute.