Lea-Artibai eta Mutrikuko lau pilotari, Interjai Txapelketako finalaurrekoan
Urriaren 6an Bilboko Deportivon jokatuko den Xisterako Interjai Txapelketaren finala erabakita geldituko da asteburuan. Antxon eta Ibarluzea jadanik finalerako sailkatuta daude, eta bihar Donibane Lohitzuneko Campos Berri Jai Alai pilotalekuan jokatuko...
Lea-Artibai eta Mutrikuko lau pilotari daude sei finalisten artean: Ekaitz Mendizabal Goixerri, Mikel Manzisidor Manzi, Aitor Andonegi eta Julen Iriondo Retolaza. Goixerrik eta Andonegik batera jokatuko dute; Retolazak Uriel izango du bikote; eta Manzik, Bailo.
Hiru bikoteak aurrez aurre arituko dira. Kiniela erara jokatuko dute, 25 tantora, eta bakarrak egingo du aurrera; beste biek hirugarren postua borrokatuko dute. Faboritorik ez dago, kiniela erara jokatuko da finalaurrekoa eta hiru bikoteek daukate aurrera egiteko aukera.
Neskak martxan
Udako atsedenaldiaren ostean, abian hasiko da berriro nesken Xistera Zirkuitua. Egun osoko jarduna izango dute etzi Donibane Lohitzuneko pilotalekuan. 10:30ean hasiko da jaialdia; eta 16:00etan, bigarren jarduna. Kinielak eta Zirkuituko partidak jokatuko dituzte.