Hegalaburra elektronikoki markatzeko ekitaldia egingo dute portuan
Azti zentro teknologikoak Bermeo Tuna World Capital ekimenaren barnean antolatutakoa da Bermeo Tuna Tagging Race. Kirol probari gaur emango diote hasieraArrantza kirolariei zuzendutako Bermeo Tuna Tagging Race kirol proba ospatuko dute gaurtik domekara...
Azti zentro teknologikoak Bermeo Tuna World Capital ekimenaren barnean antolatutakoa da Bermeo Tuna Tagging Race. Kirol probari gaur emango diote hasiera
Arrantza kirolariei zuzendutako Bermeo Tuna Tagging Race kirol proba ospatuko dute gaurtik domekara bitartean. Azti zentro teknologikoak Bermeo Tuna World Capital ekimenaren barruan antolatutakoa da, eta «zientzia egiteko modu dibertigarri» bezala aurkeztu dute.Mota horretako proba bat Bizkaiko golkoan egingo duten lehendabiziko aldia izango da. Hala, proban parte hartuko duten hamar ontzietako eskifaiako kideek hegalaburrak elektronikoki markatuko dituzte, eta horrek Aztiko langileek inguru horretako tunidoen jarraipena egitea eta ikertzea ahalbidetuko du.
Lortutako datuek hegalaburren egiturari buruzko «ezagutza zabalagoa» eskainiko dute, eta, ondorioz, kudeaketa jasangarria hobetzen lagunduko dute.
Markaketa lanak egiterakoan, tunidoen edo beste espezie batzuen aleak harrapatzen dituzte. Ondoren, ale bakoitzaren hainbat neurri hartzen dituzte, tamaina eta pisua, adibidez; uraren tenperatura neurtzen dute, eta markaketaren data eta kokapena hartzen dituzte. Arraina marka bategaz identifikatu eta gero, itsasora itzultzen dute. Markatutako arrainak etorkizunean berriro harrapatzen dituztenean, datu biologikoak hartzen dituzte berriro ere, ingurunekoak eta berrarrapaketare- nak. Ohiko markaketa lanak oso baliagarriak dira arrainen populazioak oro har mugitzeko dituen joerak behatzeko. Hala ere, metodo horregaz ez dago jakiterik berrarrapatu ostean arraina nondik igaro den.
Bermeo Tuna Tagging Racek berritasun bat dakar markaketa egin eta ikertzerako orduan: marka elektronikoak animaliatik askatzen dira, lur azalera igo, eta, satelite bidez, informazioa bidaltzen die ikertzaileei; ondorioz, marka horietarako ez da beharrezkoa berrarrapaketa egitea, eta marka elektronikoek «informazio zehatzagoa eta zabalagoa» ematen dute.
Ikertzaileek lortutako informazioagaz, hegalaburren biologiaren «hainbat datu ikertu eta kalkulatu» ahal izango dituzte: populazioaren kopurua, hilkortasun tasak, banaketa geografikoa, migrazioak eta migrazio tasak, hazkundea edota portaera, besteak beste.
Asteburu osoko proba
Kirol probaren hasiera Bermeoko portuan izango da gaur. Parte hartuko duten hamar ontziek hegalabur erraldoiak harrapatu, markatu eta askatu egin beharko dituzte asteburu osoa iraungo duen jardueran.
Aztiko kideek azaldu dutenez, probaren helburua markatu eta ahalik-eta azkarren egoera ezin hobean askatzea da. Biologoen talde batek ikuskatuko ditu harrapatzeko prozesu guztiak, eta, arrainengan kalterik eraginez gero, pieza askatzeko agindu dezakete. Era horretara, parte hartzaileei «hegalaburraren egoera zaintzeko praktika onak» erakutsi nahi dizkiete, eta ekintza jasangarria dela bermatuko dute.
Kultura, kirolagaz batera.
Kirol probagaz batera, Bermeoko portura doazenek ere beste zenbait jarduerez gozatzeko aukera edukiko dute. Olatuaren eskulturaren ondoan, karpa batzuk jarriko dituzte, baita Bermeo Tuna World Capital elkarte- ari buruzko informazio gune bat ere. Karpa horietan, zapatu goizetik hasita, hitzaldiak eta informazio pantailak jarriko dituzte, arrantza espezieen iraunkortasuna babesteko markaketa zein garrantzitsua den ikusarazteko.
Informazio guneez gain, portua girotzeko ikuskizunak ere egongo dira. Bihar, 19:00etan, AIAMA abeslariak kontzertua eskainiko du. Bermeotarrak Brasilgo musika eta hip-hopa, jazzagaz eta kubatar musikagaz nahasten ditu.
Domekan, 12:30ean, Markeliñe konpainiak Crusoe kale antzerkia aurkeztuko du leku berean, «itsasoaren zaporeagaz».