Bermesex zerbitzua gaurtik aurrera berriro jarriko dute martxan
Udako etenaldia egin ostean, Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sexualitateari buruzko informazioa eta orientazioa eskaintzeko sortutako Bermesex zerbitzua gaurtik hasiko du.Bermesex, sexua eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbi...
Bermesex, sexua eta sexualitatearen bizipenean modu onuragarriak bilatzeko zerbitzu publikoa, konfidentziala eta doakoa dela gogoratu dute udaletik. Zerbitzu horren bidez, gazte bermeotarrei laguntzen diete «modu partikularrean ezagutu, onartu eta adieraz daitezen». Xede hori lantzeko asmoagaz, gazte, familiarteko eta profesionalekin lan egiten dute.
Bermeoko Sexologia Orientazio Zerbitzua Kultura Etxean eskainiko dute, barikuetan 16:00etatik 17:30era. Juan Karlos Agirre Gazteria Saileko zinegotziaren berbetan, Bermesex zerbitzuaren bidez, «herriko eta eskualdeko gazteei lagundu gura zaie modu partikularrean ezagutu, onartu eta adierazi daitezen, horrela, euren adineko beste gazte batzuekin, hartu-emonak izateko modu onuragarriena bilatzeko».
Hiru eredu
Orientazioa bideratzeko hiru eredu hartuko dituzte kontuan: kontsulta eredua, programa eredua eta teknologia eredua. Kontsulta ereduaren bidez, profesional ezberdinekin eta familia kideekin elkarlanean, ume, gazte, familia eta hezkuntza baliabideen arazoei irtenbideak topatzeko bideak hausnartzen dira, egoera bakoitzean esku hartzeko modu, eragile eta ekintza egokienak aztertuz.
Programa ereduaren bidez, proposamen ezberdinak egin ahalko dituzte: sexu hezkuntza programak, guraso eskolak, profesionalentzako ikastaroak, berbaldiak eta informazio kanpainak. Teknologia berriekin aholkularitza ekintzak burutzeko aukera zabalak eskaintzen dituzte, eta harreman zuzena izateko bermesex@bermeo.eus e-postara idatzi daiteke, edo Skype, Facebook eta Twitter zerbitzuetatik kontaktatu.