Andra Mari eta Santa Eufemia jaien balorazio positiboa egin du udalak
Jaiak «giro ezin hobean» eta herritarren «parte hartze garrantzitsuagaz» ospatu direla adierazi dute. Antolatutako ekimenak «arrakasta handikoak» izan diraBermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra «giro ezin hobean eta herr...
Jaiak «giro ezin hobean» eta herritarren «parte hartze garrantzitsuagaz» ospatu direla adierazi dute. Antolatutako ekimenak «arrakasta handikoak» izan dira
Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra «giro ezin hobean eta herritarren parte hartze garrantzitsuagaz» ospatu direla adierazi du Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, eta jaien balorazio «oso positiboa» egin du.Azaldu duenez, «jai egitarau- an aurreikusitako ekimen guztiak ospatu dira, eta giro ederra egon da; jai jendetsuak izan dira, eta inguruko herrietako jendea ere hurbildu da jai ekintza ezberdinekin gozatzera».
Bermeotarrek ospatzen dituzten festak «oso parte hartzaileak» direla eta parte hartze hori jai ekimenen antolakuntzan «ezinbestekoa» dela azaldu du; hori guztiori «herritarren inplikazioan» islatzen dela gehitu du. Ildo horretan, Jai Batzordeak eta Txosna Batzordeak egindako «lan izugarria» goraipatu du, eta euren lan eta ahaleginei esker «Bermeon jai herrikoi eta parte hartzaileak» lortu dituztela nabarmendu du.
Antolatu dituzten jai ekimenak, gainera, «arrakasta handikoak» izan direla azpimarratu du alkateak, eta haien artean irailaren 7ko txupina, Ortube itsasontzira bisitak, Benito Barruetak antolatutako arte erakusketa, Fun Box txirrindu saltoen erakusketa, Correfox ekitaldia, suziriak, Gazteluko ekitaldiak eta kontzertuek aipamen berezia egin die.
Egun jendetsuak
Bermeoko kaleetatik jende gehien aritu izan diren egunak Andra Mari, Arrantzale, Sukalki eta Santa Eufemia egunak izan dira, asteburuetan ospatu direnak, hain zuzen ere. Egun horietan egin ziren jai ekitaldiak eta omenaldiak hunkigarriak izan zirela gaineratu du alkateak. Sukalki Egunean batutako jendetza ere nabarmendu nahi izan dute, izan ere, 43. aldiz ospatu zuten Sukalkira 104 kazola aurkeztu zituzten.
Santa Eufemia egunari dagokionez, baserri giroko «azoka indartuta» izan zutela adierazi du alkateak: «Azoka izugarria izan da, eta herritarren erantzuna oso ona izan da, gozatu egin dugu, azoka eta erakusketekin; izan ere, agertoki ezberdinak jendez gainezka egon dira». Azokaren baitan, 6. Oiloen erakusketa, Euskal Oiloaren Bizkaiko 4. Txapelketa, Bermeoko abereen erakusketa, buztarrien erakusketa eta nekazaritza makineria erakusketa egin zituzten. Eskaintza zabala ekarri zuten azokara. Txikienek ondo pasatzeko txokoa ere eduki zuten azoka eremuan.
Urdaibai Arraun taldeari Bermeoko herriak egindako «harrera ekitaldi beroa» ere aipatu nahi izan du Bidegurenek. Bermeoko alkateak zorionak eman dizkio taldeari «egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik», eta Bermeoko herritarren artean arraun zaletasuna «indartsu» dagoela aldarrikatu du.
Jaia herri guztira eta adin guztietara zabaltzeko «ahalegina» egin dutela esan du alkateak, eta helburu hori lortu egin dutela uste du Jai Batzordeak. Jaiak amaitu badira ere, gogotsu azaldu dira udal ordezkariak, eta «ahalegin hori egiten jarraitu beharra» dagoela adierazi dute.
Zerbitzuak
Jaiek iraun duten bitartean udalak eskaini dituen zerbitzuei buruzko balorazioa ere egin dute. Garbitasunari dagokionez, aurreko urteetan bezala errefortzuak jarri dituzte: «Ikusi den bezala, garbitasuneko langileek egindako lanari esker herri guztia garbi mantentzeko helburua lortu dugu».
Horrez gain, oinezkoei emandako lehentasunak azpimarratu nahi izan dituzte, jai egunetan hainbat kale zirkulaziora itxita egoteak jai ekimenen «garapen arrakastatsua ahalbideratu» baitu, eta hori «positiboa» izan dela uste dute.
Jaiak giro alaian ospatu direla eta jendeak gozatu egin duela esanez bukatu du alkateak. Antolakuntzan parte hartu duten pertsona eta elkarte guztiei eskerrak eman dizkie. Beste urte batez, herriko jaiak ospatzerako orduan beraiek egindako lana «ezinbestekoa» izan dela berretsi du.