Forma eta kolore biziak
Andere Etxegarai, Alberto Rojo, Mari Vallejo eta Gema Intxausti artisten obrak bildu dituzte Muruetako Udalbarri aretoan; era guztietako lanez osatutako erakusketa berezia sortu dute.Busturialdeko eta inguruetako artista eta eskultura egileak Muruetan ...
Andere Etxegarai, Alberto Rojo, Mari Vallejo eta Gema Intxausti artisten obrak bildu dituzte Muruetako Udalbarri aretoan; era guztietako lanez osatutako erakusketa berezia sortu dute.
Busturialdeko eta inguruetako artista eta eskultura egileak Muruetan batu dira elkarren artean Solasean izeneko erakusketa sortzeko. Herriko Udalbarri aretoan Andere Etxegarai, Alberto Rojo, Mari Vallejo eta Gema Intxausti sortzaileen eskulturak eta bestelako lanak ikusteko aukera edukiko dute irailean bertara doazenek.Lau eskultura egileen lanekin, denetariko obraz osatutako erakusketa jarri dute ikusgai, aretoan: natura aintzat hartu eta kolore eta forma biziekin zuhaitzak edo arrokak burura ekartzen dituzten piezetatik hasita, beste era bateko sentipenak gogora ekartzen dituzten obra industrialago eta artifizialagoak ere aurki daitezke. Kontrastez betetako bilduma bat osatu dute, hain zuzen.
Argi geratzen da artista bakoitzak bere jatorri eta ikuspegi propioak kontuan hartzen dituela eskulturak sortzerako orduan, eta horrek aniztasun handiko erakusketa sortzeko balio izan du. Eskulturez gain, artisten zirriborroak edota ikus-entzunezko proiekzioak ikusteko aukera ere izango dute bisitariek, eta, horrela, sortzaileek jasan izan duten bilakaeraren berri edukiko dute.
Solasaldia artistekin
Erakusketaz gozatu nahi duenak iraileko zapatu eta domeketan ikusi ahal izango ditu lanak. 11:00etatik 15:00etara bitartean egongo dira irekita herriko plaza ondoan aurkitzen den aretoaren ateak.
Iraileko azken asteburuan, erakusketan parte hartu duten eskultura egileak eta eskualdeko eta inguruetako beste zenbait artistekin solasaldia egingo dute aretoan. Bertan, artistek egindako obrei buruz hitz egingo dute, eta gaur egun eskualdeko arte egileen egoerari buruz arituko dira. Gainera, erakusketak iraun artean hurreratzen direnek gustukoen izan dituzten eskulturak eta lanak aukeratuko dituzte, eta azken solasaldi horretan arrakasta handiena eduki dutenei buruz ere ariko dira. Modu horretan, egungo joerak edota zaletasunak landuko dituzte.