Forma eta kolore biziak

Busturialdeko eta inguruetako artista eta eskultura egileak Muruetan batu dira elkarren artean ‘Solasean’ izeneko erakusketa sortzeko.

Herriko Udalbarri aretoan Andere Etxegarai, Alberto Rojo, Mari Vallejo eta Gema Intxausti sortzaileen eskulturak eta bestelako lanak ikusteko aukera edukiko dute irailean bertara hurreratzen direnek.

Murueta Solasean erakusketa2Lau eskultura egileen lanekin, denetariko obraz osatutako erakusketa jarri dute ikusgai Muruetako aretoan: natura aintzat hartu eta kolore eta forma biziekin zuhaitzak edo arrokak burura ekartzen dituzten piezetatik hasita, beste era bateko sentipenak gogora ekartzen dituzten obra industrialago eta artifizialagoak ere ikusi daitezke, kontrastez betetako bilduma eginez.

Argi geratzen da artista bakoitzak bere jatorri eta ikuspegi propioak kontuan hartzen dituela eskulturak sortzerako orduan, eta horrek aniztasun handiko erakusketa sortzeko balio izan du. Eskulturez gain, artisten zirriborro edota ikus-entzunezko proiekzioak daude ikusgai, eta horrela sortzaileek jasan izan duten bilakaera ere agerian jartzen da.

Solasaldia artistekin. Erakusketaz gozatu nahi duenak iraileko zapatu eta domeketan ikusi ahalko ditu Muruetan erakusgai aurkitzen diren lanak. 11:00etatik 15:00etara bitartean egongo dira irekita herriko plaza ondoan aurkitzen den aretoaren ateak.
Iraileko azken asteburuan, erakusketan parte hartu duten eskultura egileak eta eskualdeko eta inguruetako beste zenbait artistekin solasaldia egingo dute aretoan.

Bertan, artistek egindako obrei buruz hitz egingo dute, eta gaur egun eskualdeko arte egileen egoerari buruz arituko dira. Gainera, erakusketak irauten duen bitartean hurreratzen direnek gustukoen izan dituzten eskulturak eta lanak aukeratuko dituzte, eta azken solasaldi horretan arrakasta handiena izan dutenei buruz ere ariko dira, eta era horretara egungo joerak edota  zaletasunak jorratuko dituzte, modu interesgarri batean amaiera emanez gure inguruko artistak batu dituten erakusketa berezi honi.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend