Denboraldi berriari ekiteko prest daude dagoeneko basurdeak.
Atzo arratsaldean, herriari talde berria aurkeztu asmoz, Basurde Tabernan elkartu ziren maila guztietako jokalariak eta talde teknikoko zein zuzendaritza taldeko ordezkariak.
Musikaz girotutako ekitaldian, kategoria guztietako taldeak aurkeztu zituzten, lehenengo mailako taldetik hasi eta basurde txikienekin amaitu arte. Gurasoak eta zaleak ere bertan izan ziren, taldea animatzeko prest.
Gernika RTren ohorezko mailako taldea
Ohorezko mailako taldea aurkeztu zuten lehendabizi. Aurten, hainbat urtez entrenatzailearen laguntzaile izan eta gero, Nicolas
Martinezek berak bakarrik zuzenduko du taldea. “Asko ikasi dut entrenatzaile lana ondo egin ahal izateko, eta gogo handia daukat taldea ligako partiduetan zuzentzeko. Denbora laburrean lan asko egin behar izan dut, baina, ilusio handia daukat”, adierazi zuen entrenatzaileak.
Denboraldiko helburuei buruz,
“pausoz pauso” joan behar dela aitortu zuen argentinarrak. “
Lehiakorra den taldea osatzea da helburu nagusia. Galtzean zein irabaztean jarrera ona izan behar dugu, eta talde moduan jokatu”.
Denboraldiak aurrera egin ahala, eta taldeak duen postua ikusita, orduan ezarriko dituela lortu beharrekoak azaldu du Martinezek: “Denboraldi erdian azken postuetan bagaude, jaitsierako postu horietatik aldentzeko borrokatuko dugu. Goiko aldean egonda, ahalik eta hoberen sailkatzearen alde egingo dugu”.
Etxeko hainbat errugbilarik jokatzen dute taldean, baina, fitxaketak ere egin ditu talde gernikarrak. “Oso
garrantzitsua da herriko kirolariak ohorezko mailara igotzea, baina lan eta neke asko eskatzen duen maila dela gogoratu beharra dago”.
Martinezen berbetan, Heineken ligan “aurrekontu handia daukaten hainbat talde daude”, fitxaketa asko burutzen dituztenak. Gernikako taldeak ere zazpi errugbilari ekarri ditu; gehienak argentinarrak. “Orekatutako taldea da aurtengoa, zazpi fitxaketa berri dituena”. Isaias Quiroga, Carlos Santiago Pecello, Agustin Cardoso, Jorge Pedrovic, Imanol Zelaia, Marias Frutos eta Facundo Aguirre dira talde gernikarrera aurten gehitutako errugbilariak.