104 kazola aurkeztu dituzte Sukalki Egunean

Jaietan murgilduta dabiltza oraindik bermeotarrak. Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak azken txanpan sartu diren arren,  ospakizunekin jarraitzen dute Bermeon. Gaur, eguraldiak lagunduta, giro ederrean batu dira bermeotarrak Talan, iaz ospatu ezin izan zen Sukalki Egunaz lagun artean gozatzeko.Sukalkia prestatzen

43. Sukalki Eguna da aurtengoa, eta guztira 104 kazola aurkeztu dituzte, orain bi urte baino kazola bat gutxiago. “Azken urteetan lehen baino kazola gutxiago aurkezten dira, lehen 200 bat inguru egoten zirelako. Hala ere, aurton azken urteean beste kazola egon da”, azaldu dute antolatzaileek.

Goizietik hasi dira Talako txoko guztiak betetzen herritarrak, eta bete-bete egin dute Bermeoko Tala. Apurka apurka suak piztu eta okelaz eta patataz egindako gisatua prestatzen hasi dira kuadrillak. Gazteak zein nagusiak elkartu dira bertan, eta batzuk beste batzuk baino lan gehiago egin duten arren, usain gozoz bete dute guztiek tokia.

Sukalki Eguna txapelketa bat baino askoz gehiago dela gogorarazi dute gaur. Fanfarriak musikaz girotu du Tala, eta herritik sortutako jaia dela Sukalki Eguna agerian geratu da.

Jasangarritasuna. Urtero, udalaren laguntzagaz, Eleizalde ikastolak antolatzen du txapelketa, eta hala egin du aurten ere. Jaiekin ikastolak duen “konpromiso sendoa” agerian utzi gura izan dute oraingoan, eta eredu izan behar dutela aitzaki hartuta, sukalki egun “ahaztezina, jendetsua eta jasangarria” antolatu dute.

Orain arte ospatutako txapelketa guztien artean, aurtengoa izan da jasangarriena. Antolatzaileek askotariko hondakinak biltzeko edukiontziak banatu dituzte-eta. Gainera, horiek egoki erabiltzeko eskuorriak ere eman dituzte, “herritarrak birziklatzera gobidatuz eta animatuz”.

Ingurugiroari keinu egin diote antolatzaileek gaurkoan, eta arduratsuago jokatu behar dela gogorarazi dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend