Josu Bergarak ‘Asunak’ diskoa aurkeztuko du bihar, Uhagonen

Akorde Txikia bandako hiru musikariren laguntzagaz, formatu txikiko saio akustikoa izango dela aurreratu dute. Kontzertua 20:00etan hasiko da

Josu Bergara musikari eatarrak Asunak diskoa aurkeztuko du bihar, 20:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Kontzertua doakoa izango da, eta eguraldi ona egingo balu, emanaldia terrazan izango litzatekeela esan dute Uhagoneko arduradunek.

Asunak. Bide bazterreko melodia sendagarriak da eatarrak maiatzean argitaratu zuen diskoaren izenburu osoa. Abestietan pop eta folk freskoa landu dituen arren, swing, bluegrass eta jazz estiloak ere antzeman daitezkeela diote. Azken lan horretan, kantugile bizkaitarrak proposamen artistiko «landua eta zintzoa» prestatu du. Lan berri honetan melodia atseginak eta erritmo lasaiak biziagoak direnekin eta eduki sakona dutenekin uztartu dituzte.

«Jakin badakit nire musikagintza apustua berezia dela, euskaraz kantatzen duen kantautorea naizelako eta estilo propioa landu dudalako, modatik aldentzen dena. Baina, zorionez, badago publiko bat etengabe sare sozialetan jarraitzen nauena, kontzertuetara datorrena eta diskoak erosi edota deskargatzen dituena». Abestiak beretzat sortu dituela dio Bergarak: «Nire esperientzietan oinarrituta daude, baina neurri handi baten nire publikoarentzako ere badira».

Kantuen letrak

Kantu gehienak Bergararen poema eta hitzetan oinarritzen diren arren, lan berrian Mikel Etxaburu ondarrutarraren eta Udane Goikoetxea Derioko bizilagunaren poemak aurkitu daitezke.

Biharko emanaldian Akorde Txikiak bandako hiru kide egongo dira Bergaragaz batera: Nerea Alberdi (biolina), Irati Bilbao (ahotsa) eta Mikel Nuñez (pianoa). Hiru horiek ere ibilbide luzea eta goi mailako heziketa musikala daukaten musikariak dira.

Diskoa aurkezteko lehen kontzertua ekainaren 21ean eskaini zuten, Bilboko Kafe Antzokian. Eta udan han eta hemen kontzertuak eskaini eta gero, urte amaieran eta 2019 hasieran Valentzia, Bartzelona (Herrialde Katalanak) eta Euskal Herriko hainbat herri zein hiriburuetan ariko dira.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend