Euripean hasi da bost Deiadar mendiak zeharkatuko dituen traila

Gernika-Lumoko Pasealekutik 10:00etan atera dira Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra traila lehiatuko duten 93 kirolariak. Aurreskua dantzatuz eta tradizioari jarraituz, adar hotsez eman diote hasiera probari. Euria lagun, txalo artean atera dira kirolariak, herritarren animo mezuak entzuten zituzten bitartean.

Deiadar irteera200 kilometroko saioa dute aurretik, eta erronka pertsonala gainditzeko Oiz, Sollube, Ganekogorta, Gorbeia eta Kolitza mendiak zeharkatuko dituzte; barikutik domekara bitartean, gainera, Bizkaiko 32 udalerri ezagutuko dituzte kirolariek.

Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea izan da irteeran, eta animo mezuak bidali dizkie parte hartzaileei: “Gozamena izango da guretzat zuen ibilbidea jarraitzea. Eskerrik asko parte hartzeagatik, eta animo”.

Lasterketa bakarra da, baina, kirolari gehiagori parte hartzeko aukera eman asmoz, hiru distantzia daude aukeran: 200 kilometroko Bocineros-Deiadar Xtreme Ultra, 105 kilometroko Deiadar Ultra eta 45 kilometroko Deiadar Maratoia. Denak Gernika-Lumon hasi eta amaitzen dira.

Hiru distantziak kontuan hartuta, 300 dira izena eman duten kirolariak. Hurrengoak ateratzen 105 kilometroko parte hartzaileak dira; gaur gauean aterako dira 23:00etan. Maratoia, berriz, domekan egingo dute, 09:00etan hasita, eta 18:00ak bitartean amaitu beharko dute.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend