Etiopia eta Errumaniakoa Gernikako eraskusleihora
Jose Beut argazkilariak Etiopian eta Errumanian jarri du begirada, eta, orain, gernikarren begietara igorriko ditu bere kameragaz irudikatutako momentu, bizimodu, ohitura eta bestelakoak.Inguru bakoitzak baditu bere ohiturak, bere tradizioak, janzkera ...
Jose Beut argazkilariak Etiopian eta Errumanian jarri du begirada, eta, orain, gernikarren begietara igorriko ditu bere kameragaz irudikatutako momentu, bizimodu, ohitura eta bestelakoak.
Inguru bakoitzak baditu bere ohiturak, bere tradizioak, janzkera propioa… Herrialde bat edo beste bisitatu dutenek ongi asko dakite hori. Baina bada bidaiatu barik ere halako ezagutzak jasotzeko aukerarik.Argazkien bitartez bidaiatzeak ere badauka bere xarma. Ez dute hitzik egiten argazkiek, baina asko esaten dute. Batzuek beste batzuek baino gehiago adierazten dute; argazkilariaren edo kameraren beraren arabera izaten da sarritan, eta irudikatzen den horren araberakoa beste askotan.
Jose Beut argazkilari valentziarrak badauka kamera bat, eta gaitasunik ere ez zaio falta horren erabilpenerako. Eta bere argazkiek, gainera, badute ikuslearen arreta bereganatua. Badute zer eskaini eta zer transmititu.
2014an Errumania erdialderantz joan zen, eta hangoen egunerokotasunean murgildu zen. Hala atera zituen argazkiak; egunerokotasuneko zereginagaz lotutakoak, batez ere, nekazaritza eta abeltzaintzari lotutakoak. Inguruarekiko eta herritarrekiko gertutasuna bilatzen zuen, eta era berean, bertakoen konfiantza, naturaltasuna eta elkarbizitza areagotu nahi zituen.
2016. urtean, ostera, Etiopiara bidaiatu zuen. Surmatarren lurraldean egon zen sei egunez. Eskualde hartako tribuekin jardun eta beraien ohituretan sakondu zuen egonaldi hartan. Egunsentian eta iluntzean atera zituen argazkiak, eta, orain, Gernika-Lumoko Kultur Etxean jarri ditu ikusgai, Errumanian ateratakoekin batera.
Argazkietako protagonisten begiradak harrapatu egiten du kultur etxera sartzen den bisitaria, eta hala lortzen du Beutek Gernikatik aipatu herrialdeetara bidaiatzea, inolako hegazkinik hartu barik.
Zuri-beltzean egindako argazkiak ikusi nahi dituenak hilaren 28ra arte bisitatu dezake kultur etxean jarritako erakusketa.