Batzar zabala deitu du presoen aldeko dinamikak

Lekeitioko euskal presoen eskubideen aldeko dinamikak batzar zabala egingo du bihar, 18:00etan, kultur etxean. «Bilera zabala da, eta, beraz, mundu guztia dago gonbidatuta».

Sare Herritarra plataformak joan den ekainaren 2an euskal presoen eskubideen alde martxan jarri zuen Orain Presoak dinamikaren harira, presoen inguruko dinamika berria abiarazi dute Lekeition. Dinamika horren aurkezpena abuztuaren 29an egin zuten, eta Lekeitioko eragile desberdinek parte hartu zuten ekitaldian. Ekainaren 2ko adierazpena irakurtzeagaz gain, Pototo eta Liher euskal preso lekeitiarren egoera juridikoa azaldu zuten.

Bigarren urrats modura batzar zabala deitu dute, urriaren 20ko manifestazioaren lanketa hasi zein presoen eskubideen inguruko lanketagaz jarraitzeko.

Joan den maiatzaren 4an bizitako egun historikoaren ostean, parez pare ireki dela hainbeste sufrimendu sortarazi duen ziklo luze honi amaiera emateko aukera esan zuen Sare Herritarra plataformak Bilbon egindako Orain Presoak dinamikaren aurkezpenean. Baina oraindik sufrimendua sortzen jarraitzen duen auzi bat, askatu beharreko korapilo bat badagoela gogora ekarri zuten. «Jadanik ETAk existitzeari utzi dion arren, 282 euskal preso daude euren senideengandik ehunka edo milaka kilometrora urrunduak. Espetxean dauden pertsona hauek euren eskubideen jabe izan arren, oraindik ere salbuespen neurriak ezartzen zaizkie, Espainiako zein Europako legedien aurka doazenak, eta, presoa ez ezik, senideak, bereziki haurrak eta adin nagusiko pertsonak ere zigortzen dituztenak».

Manifestazioa Donostian

Lau lehentasun ezarri zituzten: urruntze politikagaz bukatzea, larriki gaixo dauden presoak artatzea, zigorren batuketa eta lehen graduen aldaketa.

Adierazpenagaz batera manifestazioa deitu zuten urriaren 20rako. Hasiera batean manifestazioa Bilbon egitekoa zen, baina Bilbao Night maratoia egun berean dela eta, Donostiara lekualdatu dute.

Lekeitioko dinamikakoek azaldu zutenez, Julen Atxurra Pototo eta Liher Rodriguez lekeitiarrak euskal presoek jasaten dituzten eskubide urraketen adibide argiak dira. «Pototo, adibidez, kalean egon beharko li- tzateke, eta Liherren egoera ere bestelakoa izan beharko litzateke. Gertatzen dena da isolamenduan daudela lehenengo graduan, eta daukaten egoera jasanezina da».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend