Bihartik etzira bitartean Bilboko
Mentatlon topaketan parte hartuko duten 160 kirolarik bisitatu dute Gernika-Lumoko Batzarretxea. Hirugarren aldiz ospatuko da buruko gaixotasuna duten kirolarientzako antolatutako Mentatlon topaketa Bilbon, eta gaur, Gernika-Lumon egin dute taldeen arteko zozketa.
Bertan izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Jose Ignacio Martinez AVIFESeko presidentea eta Itziar Ceballos AVIFESeko gerentea.
Gernikako Arbolaren azpian eman diote hasiera topaketari, Otaduiren berbetan, “motibazioa, sakrifizioa, indarra, norbere burua gainditzea eta esfortsua biltzen dituen ekitaldiari”.
Guztira 10 delegazioetako kirolariak batu dira Batzarretxean, eta Otaduik “normalizazioaren” alde egin behar dela esan du. “Buruko gaixotasunei buruzko klixe faltsuak apurtzen lagundu nahi dugu, buruko arazoak dituzten pertsonen gaineko iraganeko estigmak alde batera utzi eta egunero normalizazioaren alde egin nahi dugu”.
Jose Ignacio Martinez AVIFESeko presidenteak, bere aldetik, inor ez dagoela buruko gaixotasunak izatetik libre adierazi du. Gainera, topaketak kiroltasuna bultzatutzen duela eta garrantzitsuena parte hartzea dela esan du. “Seguru nago lehiatzeko eta gozatzeko gogo handiz zatoztela, baina batez ere, guztion etsaiari irabazteko gogoz: estigmari”.
Buruko gaixotasuna duen Carmen Martin futbol jokalariak ere hartu du hitza gaurko ekitaldian. Berarentzat kirola “bizitza” dela esan du, “baretasuna ematen didalako”.
Topaketa. Buruko gaixotasuna duten 160 kirolarik parte hartuko dute bihar eta etzi ospatuko den topaketan. Euskal Herriko bi taldeez gain, Aragoiko, Andaluziako, Asturiaseko Gaztela-Leongo, Gaztela-Mantxako, Galiziako, Errioxako eta Valentziako taldeak hurbildu dira gaur Gernika-Lumora.
Martinezek esan duenez, urtero haztea lortu duen topaketa da, eta sei kirol praktikatuko dituzte: Areto futbola, mahaiko tenisa, padela, petanka, atletismoa, frontenisa eta igeriketa. Lehiaketa gehienak bihar jokatuko dira Txurdinagan.