Gernika 'askatasunaren eta erresistentziaren ikurra' dela esan du EH Bilduk
Estatus berriaren akordioan erabakitzeko eskubideak duen garrantziaz hitz egin du Arnaldo Otegik. Gernikako Arbola zaharraren aurrean egin du ekitaldia koalizioakIkurra den agertokia aukeratu zuen EH Bilduk zapatuan egin zuen ekitaldirako; Gernika-Lumo...
Estatus berriaren akordioan erabakitzeko eskubideak duen garrantziaz hitz egin du Arnaldo Otegik. Gernikako Arbola zaharraren aurrean egin du ekitaldia koalizioak
Ikurra den agertokia aukeratu zuen EH Bilduk zapatuan egin zuen ekitaldirako; Gernika-Lumoko Batzarretxean, Gernikako Arbolaren aurrean egin baizuen ekitaldia alderdi politikoak. «Askatasunaren eta erresistentziaren ikurra da Gernika-Lumo, eta ildo historiko zahar baten segidan egiten dugun beste ekarpen bat besterik ez da oraingoan egiten ari garena», adierazi zuen Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak.Hitz horiek esan eta gero, Gernikako Arbola zaharraren aurrean Eusko Legebiltzarrean estatus berriaren inguruan lortutako akordioaz hitz egin zuen Autogobernu lantaldean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutu politiko berri baterako lortu dute akordioa.
Euskal Autonomi Erkidegoak etorkizunean izan beharreko estatus politikoan, erabakitzeko eskubidea «gakoa» dela argi nabarmendu zuen Otegik: «EAJk eta EH Bilduk erdietsitako akordioa bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, betiere aurretik hartutako irizpideak eta oinarriak errespetatzen baldin badira. Erabakitzeko eskubidea errespetatzea herri hau errespetatzea delako».
EAJk eta EH Bilduk estatutuaren oinarrietan lortutako akordioak «zilegitasun demokratiko» osoa duela nabarmendu zuen, «herri honen gehiengo zabala ordezkatzen duelako».
Gainera, PSE-EE eta PPk akordioari buruz egindako kritikak onartzen dituela esan zuen Otegik. «Zilegitasun osoa daukate akordioaren kontra egoteko edo kritikotasun politikoa adierazteko, baina ez daukate inolako zilegitasunik herri honek dituen eskubide demokratikoen aurrean inposaketa eta betoa planteatzeko».
Erabakitzeko eskubidea jarri zuen, beraz, eztabaida gai nagusitzat: «Gure bizitza politikoaren, sozialaren, ekonomikoaren eta kulturalaren gaineko kontrola izateko aukera ematen digu eskubide horrek. Berdintasunean oinarritutako gizarte askeagoa eta justua eraikitzeko erronka partekatuari aurre egin ahal izateko beharrezkoak diren tresnak eskaintzen dizkigu, eta erabakitzeko eskubiderik izan barik ez dago aldaketa sozialak eragiterik».
Eragileen elkarlana
Otegiren berbetan, eragileen arteko elkarlana «funtsezkoa» da akordioa bultzatzeko, «akordioa guztion ekarpenekin aberastea beharrezkoa delako».
Autonomiei buruz ere mintzatu zen koordinatzaile nagusia, eta autonomien eredua agortuta dagoela esan zuen: «Garai berria bizi dugu; burujabetzaren garaia da, eta horregatik babestuko dugu estatus berrirako akordioa». Horrela, eragile politiko, sindikal eta sozialei «erantzukizunez eta eskuzabal» jokatzeko deia egin die.