Gernika Hiria txapelketa lehenengoz jokatuko dute zapatuan, eta
errugbiko eta futboleko zortzi talde batuko ditu; lau talde kirol bakoitzeko.
Urbietan jokatuko den torneoa
parekidetasuna suspertzeko txapelketa dela azaldu du Leire Bidaguren Gizarte Ekimeneko Zinegotziak. Eta kirolak sexuaren, arrazaren, erlijioaren eta nazionalitatearen mugak gainditzen dituelako antolatu dutela txapelketa aipatu du zinegotziak. “Kirolean aritzen diren emakumeek genero estereotipoei aurre egiten diete, eredu bihurtzen dira, eta emakumezkoak eta gizonezkoak berdintasunean jartzen ditu”.
Bidagurenen berbetan, txapelketa “oztopak gainditzeko urrats bat” izango da, “talde lana, bizikidetza, lidergoa eta kiroltasuna ikusgai jarriko dituena”. Saskibaloiaz gain, emakumeen
beste bi talde ere badaudela ezagutarazi nahi diegu gernikarrei zein eskualdeko beste herritarrei. “Emakumeak animatu gura ditugu kirol hauetan parte hartzera eta ondo pasatzera”.
Txapelketaren nondik norakoak. “Gozamenerako eta ikasteko aukera” izango dela zapatuan Gernika-Lumon ospatuko dela adierazi du Bidagurenek. Guztira zortzi emakumezkoen talde hurbilduko dira udalerrira, eta
goizeko 10etan hasita jokatuko dituzte partiduak.
Gernika Rugby taldeagaz batera, Getxo Rugby Taldeak, AVIA Eibar Rugby Taldeak eta Universitario Bilbao Rugby Clubek hartuko dute parte txapelketan. Gernikarrak bilbotarren aurka lehiatuko dira, eta getxotarrak berriz, zornotzarren aurka. Gero irabazleek beraien aurka jokatuko dute txapelduna nor den erabakitzeko.
Futbotboleko taldeak SD Amorebieta, Ezkurdi KT, CD Vitoria eta Urdaibai FT dira. Herriko taldeak Ezkurdi KTren aurka jolastuko du, eta beste partidua CD Vitoria SD Amorebietaren artekoa izango da. Ondoren, finala jokatuko dute.
Txandakatzen joango dira partiduak, kirolaren arabera; futboleko partidagaz hasi eta errugbikoagaz jarraituko dute, norgehiagoka guztiak bukatu arte.
Futbol partidek 30 minutuko iraupena izango dute, eta
errugbikoek, berriz,
20 minutukoa.
Txapelketa bukatzen denean,
3. denbora egongo dela jakinarazi du Bidagurenek. Irabazleek garaikurra eramango dute, eta parte hartzaile guztiek kamiseta bat oroigarri modura.