Gaur goizean egin dute zapatuan Bermeon egingo duten estropadaren aurkezpena, eta bertan azaldu dutenez,
18:00etan hasiko da lehia. Eusko Label ligako
azken-aurreko estropada izango da zapatuan Bermeoko uretan lehiatuko dutena. Era berean, igoera eta jaitsierako
play-off fasearen lehenengo jardunaldia jokatuko dute.
Aurkezpenean jakitera eman dutenez,
lau txandatan banatuta,
15 traineruk hartuko dute parte zapatuko estropadan. Horrela, Eusko Label Ligako lehen zortzi sailkatuek, Eusko Label Ligako
play-off-a jokatuko duten bost ontziek eta Liga Euskotrenekoa jokatuko duten bi traineruek hartuko dute parte.
Aranburu eta Bideguren, aurkezpenean.
Agustin Aranburu Bermeo Urdaibai Arraun Elkartearen lehendakariak azaldu duenez, Eusko Label Ligako zortzi sailkatuek lerro formatuan parte hartuko dute
lau luze eta hiru ziabogagaz. Ontziak bi txandatan banatuta ariko dira lehian, sailkapen nagusiaren arabera. Hortaz, lehenengo txandan Ondarroa Cikautxo, Donostiarra, Cabo eta Santurtzi Iberdrola lehiatuko dira, eta ohorezko txandan, aldiz Orio Babyauto, Zierbena Bahías de Bizkaia, GO fit Hondarribia eta Urdaibai Aviaren egongo dira.
Gizonezkoen play-off-ari dagokionez, bost ontziak erlojuaren kontrako formatuan arituko dira, bigarren kalean, eta horiek ere lau luze eta hiru ziaboga egin beharko dituzte. San Juan Sumelec, San José XV Astillero, Samertolameu Oversea, Lekitarra Elecnor eta Aresen arteko irteera ordena ordezkarien bileran erabakiko da, eta minutu bateko aldeagaz irtengo dira ontziak.
Hondarribia Bertako Igogailuak eta Donostiarrak jokatuko dute
emakumeen play-off-a, eta horiek ere erlojupeko formatuan arituko dira. Zozketan adierazitako irteera ordena jarraituz, bi luze eta ziaboga bakarra egin beharko dute traineruek.
Aranburuk Bermeoko zaleei deialdia egin die, zapatukoa “egun historikoa” izan daitekeelako Urdaibai Arraun Elkartearentzat. “Gertatutako guztia ahaztu” eta arraunlariei animatzera joateko eskatu du elkartearen lehendakariak.
Jaiekin bat. Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen berbetan, “ohore bat” da lehen mailako ikuskizun hori Bermeon jokatzea. Gogoratu duenez, herria Andra Mari eta Santa Eufemia
jaietan murgilduta dagoela lehiatuko dira estropadak, eta mundu guztia gonbidatu nahi izan du “egun berezi” horretan Bermeora hurbiltzera.
Alkateak herriko antolatzaile eta boluntarioei eskerrak eman dizkie, eta beraien laguntza gabe guztia prestatzea ezinezkoa dela adierazi du. Bukatzeko, Urdaibai Arraun Taldea zoriondu du, “egindako ahaleginengatik” eta “denboraldi ikusgarria” eskaini dutelako.