Arrantzaleen herria izateaz harro

Arrantzale Eguna egun handia da bermeotarrentzat. Parrandarako eguna izateaz harago, izan zirenaz eta direnaz harro egoteko eguna da gaurkoa. Herrian arrantzak izan duen garrantzia, eta bermeotarren izaera nabarmentzeko hitzordu berezia da.

[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA]

Goizean Santa Eufemia elizan elkartu dira, arrantzaleen omenezko mezan, eta jarraian kalejiran hurbildu dira Portuzarrera. Bertan, Lameragane Txokoak urtero arrantza munduagaz zerikusia dutenak omentzeko egiten duen ekitaldia izan dute. Aipatu elkarteak hamar urte daramatza Arrantzale Egunean arrantzagaz edota itsasoagaz lotura duten elkarte zein norbanakoak omentzen.

Aurten arrantza arraunez egiten zeneko garaiak oroitu dituzte. Halaber, itsas salbamenduko boluntarioen, itsasontziak konpontzen dituen Ortube taldearen eta emakume bateleren lana goraipatzeko ekitaldia izan da. Ohorezko aurreskua dantzatuz hasi dute omenaldia, eta ondoren Euskaraldiaren zapiak eta plaka oroigarriak eman dizkiete gaurko omenduei. Hala, herriko abesbatzak musikatu du eguerdiko ekitaldia.

Teodoro Allika Bizar erramuetan arrantzan irtetzen zen azken arrantzalea omendu dute. Haren izenean, Andres Allika Txopitea semea egon da ekitaldian. “Umetatik itsasoan ibili zen; hasieran txalupetan, baxurako ontzietan, eta gero bakarrik bere batel handian. Bere lantokia eta bizitokia ere bazela esan liteke, orduak eta orduak ematen zituelako bere batelean”.

omenduak

Jone Mujika Mujika banku mugikorrean eta hainbat modalitatetan aritutako eta saritutako batelera ere omendu dute. Berak lan kontuengatik ezin izan du gaurko ekitaldira etorri, eta haren lekuan Maribi Mujika amak jaso ditu zapia eta plaka oroigarria. “Bere ikasketak itsasoari lotuta daudenez, gaur ezin du hemen egon. Itsasontzietako mantenimenduaz arduratzen da, eta lanean dago”. Era berean, Arantza Zabala eta Jone Artetxebarria izan dira gaur omendutako beste bi emakumeak. 1982an Espainiako txapeldun izandako arraunlariak dira: ” Ez ziren izan sasoi errazak haiek; ez eurentzat ezta euren zuzendaritza taldearentzat ere. Dena eurek egin behar izaten zuten; dena euren borondatez egindakoa zen. Sarritan entrenatzailea ordu guztietan izateko aukerarik ere ez zuten izaten”. Gainera, omenduak ez izan arren, aipamen berezia izan dute herriko beste hainbat emakume arraunlarirentzat ere: “Ane Ortube, Jone Miren Pellizier, Irune Ormaetxea, Miren Josu Telletxea, Bego Uriartebidaurreta, Iratxe Zabala, Nere eta Desire Iglesias”.

[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIA]

Jose Muruagak Bermioko lehenengo emakume arraunlariei izenburupean batelerentzat beren-beregi egindako doinurik gabeko bertsoak ere errezitatu dituzte omenaldian (jaietako programan jasota dago):

“Ez dago gizonen eta emakumeen kirolik. Ohitxurak eta historiak badauke aldatzerik. Ez da betirako dan aurreiritzirik, ez da betirako iraungo dauen guzurrik. Besoetan ez dozue neskak ahulezirik. Ur sakon eta iluneri ez dozue billurrik. Gizonen zeresanak dozuez gainditurik, eta arraunean gai zariela ez dago esan beharrik. Irebazi dozue borroka gatxena: eritzia aldatzea gizon batzuena. Arraun mundua dala beti gizonena, eta zuen lekua hareek zaintzearena. Zuek izan zarie tostan aintzindari, eta hemen gaurkoan eskerrak zuei. Eman dautsezuelako gure kirolari bardintasun bidea eta ez da gitxi hori. Emakume arrraunlari izan zarienori gaurko bandera zuentzat baitozue merezi. Eskerrak zuen lana eta kemenari, gaur be Kontxan doguz neskak jo eta ke arraunari”.

omenaldiekitaldia

Mediterraneoan etorkinak salbatzen lan handia egin duen Jon Garcia Andonegi bermeotarra da aurtengo beste omenduetako bat. “Bolondres moduan jo eta ke dabil, gobernuz kanpoko erakundeekin. Orain dela bi urte Greziako Chios uhartean egon zen lanean, 1.600 etorkin zeuden errefuxiatuen kanpamendu batean. Eta aurten berriztu duten Aita Mari ontzian ariko da”.

Bestalde, herriko Ortubeko bolondresen izenean Jesus Urkidik jaso ditu zapia eta plaka oroigarria: “Bermeotarrok egunero ikusten duzue berrizte lanak egiten. Lan horiek borondatez egiten dituzte; libre daukaten orduetan. Apurka-apurka doa konponketa hori. Borondatez egiten dituztenez bermeotar guztiok badugu zer eskertu. Bermeotar guztion izenean jaso esker ona ondare historikoa errekuperatzen ari zareten taldekideei”. Hala, taldean izena eman eta laguntzeko dei egin diete horretarako prest dauden herritarrei.

[IKUSI HEMEN GAURKO BIDEOA]

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend