Hondartzen kudeaketa adimendua eta bertako erabileraren segurtasuna bermatzen duen bideometria sistema ezarri du Azti ikerketa zentroak euskal kostaldeko zenbait hondartzetan: tartean,
Mundakan. 2019ko udako denboraldiaren aurretik, gainera, beste zenbait hondartzetan ezartzea aurreikusten du; esaterako, Mutrikun.
KOSTASystem teknologia berritzaileak
hondartzak kudeatzeko tresna bereziak garatzea du helburu, eta, horretarako okupazioaren dentsitatearen jarraipena egiten duen sistema bat eta korronte arriskutsuak hautematen laguntzen duen beste sistema bat biltzen ditu, besteak beste. Bideometriako sistema horrek, gainera, hareatzen dinamikaren jarraipena egiteko eta ulertzeko oinarrizko informazioa ere ematen du, zuzenean.
Aztik azaldu duenez, hondartzak «zuzen» kudeatzeko, «geroz eta beharrezkoagoa» da hareatzetako morfologia baldintzatzen duen kostaldeko dinamika sakon ezagutzea, zaintza eta jarraipena egitea. «Izan ere, hondartzetan, kasu askotan, erabilera intentsiboa, urbanizazio maila handia eta itsasoarekiko esposizio maila handia elkartzen dira, eta horrek oreka ahula izatea eragiten du».
Testuinguru horretan, natur ondarearen
kudeaketa integratu, hitzartu eta jasangarria lortu nahi bada, «beharrezkoa» da ikerketa zentroaren ustez,
ondare hori arautzen duten prozesu konplexuak hobeto ezagutzea.
Kostu onargarria. Kostaldeko sistemen portaerak aztertzeko
ohiko teknikak, baina, mugatuak eta garestiak izaten direla nabarmendu du Aztik. Egun, baina,
bideo irudien bidezko teknikek prozesu fisikoak maila handiko eskala espazialetan eta denborazkoetan ematen dute, «kostu oso onargarrian».
KOSTASystemek, esaterako,
«oso informazio interesgarria» ematen du Aztik garatutako bideometriako tresnei esker. Hain justu, kosta lerroko higadurari, hondarpeei, korronteei, erabiltzaileen dentsitateari… buruz informatzen du. Oro har,
hiru jarduera ildo kudeatzen ditu:
bainurako segurtasuna, hondartzetako zerbitzuak eta hondartzetako jarraipen morfologikoa.
Korronteen kasuan, esaterako, kamerek hartutako irudiak prozesatzeko teknikek
erresakak errazago identifikatzea ahalbidetzen dute. Sorosleek, gainera, badute mugikorretarako aplikazio bat zeinek korronteak identifikatzen laguntzen dien. Hala, bainu seguruagoa bermatzeko oinarri gehiago dauzkate.
Aplikazio horretan, halaber,
hareatzan jasotzen diren gorabehera denak erregistratu eta gordetzeko aukera ere badaukate sorosleek.
Gainera,
itsasoaren egoera bizpahiru egun lehenago jakitea ere ahalbidetzen du aplikazioak; modu horretan, hondartzen erabilera modu seguruagoan kontrolatu eta kudeatzeko aukera emanez.
Sistemak berak, bestalde,
hondartzetako okupazioaren dentsitateari buruzko informazioa ematen duen heinean, aukera ematen du baita jakiteko jendeak zergatik aukeratzen duen hondartzako leku bat edo beste. Eta hori jakiteak bertan zerbitzu hobeak eskaintzeko aukera ematen du.
Olatuen ondorioz hondartzetan etengabe gertatzen dira aldaketak, eta morfologiaren azterketa momentuko eskala horretara egokitu behar izaten da.
Aztikoek azpimarratu dutenez, gainera, itsasertzeko prozesuak erabilerekin duen harremana ulertzeko etaegungo arazoak arindu eta etorkizunekoei aurre hartzeko
«beharrezkoa» da bereizmen handiko monitorizazioa egitea.
Hondartzen eguneroko kudeaketa egiteko ez ezik, gehiagorako aukera ere ematen du Aztik sortutako sistemak, eta baditu horietarako beste aplikazio batzuk ere: esate baterako, hareatzaren bilakaera aztertzen dutenak, aldaketa klimatikoaren ondorioz itsas maila handitzen denan.
Hondartza gehiagotan. 2009an sortu eta abiarazi zuen aipatu sistema Azti ikerkera zentroak, eta, gaur gaurkoz, honako hondartzetan dago ezarrita: Bizkaian, Bakio, Mundaka, Arriatera-Atxabiribil eta Barinetxe (Sopela), Arrigunaga (Getxo) eta Areetako (Muskiz) hondartzetan; Gipuzkoan, Zarautz, Deba eta Hondarribian.
Hala ere, datorren urteko uda baino lehen, Mutriku, Zumaia, Getaria eta Orioko hondartzetan ezartzea aurreikusten dute.