Antzerkiekin kaleak alaituz
Kalerik kale antzerki jaialdia uda agurtu aurreko egunak alaitzera etorri da bigarren urtez Mundakara; herriko txokoak kulturaz, artez eta ikus-entzuleen irribarrez betetzeko hitzordu berezia izan da.Kalerik kale antzerki jaialdiak berriz ere Mundakako...
Kalerik kale antzerki jaialdia uda agurtu aurreko egunak alaitzera etorri da bigarren urtez Mundakara; herriko txokoak kulturaz, artez eta ikus-entzuleen irribarrez betetzeko hitzordu berezia izan da.
Kalerik kale antzerki jaialdiak berriz ere Mundakako kaleak girotu zituen joan den zapatuan. Suhar Prest Zirko Taldeak antzerkiak, musika, kultura eta artea biltzen dituen egun berezia prestatu zuen Mundakako Udalaren laguntzagaz batera.Antzerki jaialdia ospatu duten bigarren aldia izan da aurtengoa, eta joan den urtean izandako arrakasta ikusita, gogo handiz etorri dira berriz ere uda garaiari agur esan baino lehenago herriko kaleak bizitzaz betetzera.
«Pozik» azaldu da Izaskun Agirresarobe jaialdiaren antolatzailea lortutako emaitzagaz. Ekimenaren balorazioa egiterakoan joan den urtean erakarritako jende guztiak harritu egin bazituen ere, aurtengoan are pertsona gehiago hurbildu direla nabarmendu du, eta Mundakako kaleak jendez betetzea lortu dutela azaldu du.
Bigarren jaialdi horretarako era guztietako ikuskizunak eskaini dituzte: dantza emanaldiak, zirku ikuskizunak edota umorez betetako antzerkiak ikusteko aukera izan zuten zapatuan Mundakara joan zirenek. Eskaintza zabal horregaz «adin guztietako jendearengana iritsi» nahi izan dutela adierazi du Agirresarobek.
Sei ikuskizun
Eguerdian hasi eta iluntzera arte, sei ikuskizun egon ziren aukeran; herriko hainbat gunetan aritu ziren artistak txandaka emanaldiak eskaintzen. Aimar & CIA, Piensa en Wilbur, La Banda del Otro, Compañia Trotamundos eta Hortzmuga Teatroko kideak izan ziren Mundakara beraien obrak eta ikuskizunak antzeztera etorri zirenak.
Kaleetatik bakarrik aritu beharrean, Geure Etxea eta Bihotz Sakratu egoitzetan ere ikuskizun berezia eskaini zuten. Ana Capilla dantzaria egon zen herriko jende nagusiagaz, eta bere Transito’s in walk+live music ikuskizuna eskaini zien. Horrela, kalera irten ezin direnei ere kale artea hurbiltzea lortu dute. Eki- mena adin guztientzako ikusleentzat zuzenduta dagoela argi utzi nahi izan dute.
Agirresarobek azaldu duenez, ikuskizunekin «jendearen partaidetza» bilatu dute. Beraz, ikuskizunek parte hartzeko aukera eskaini diote ikuslegoari.
Antzerkia baino gehiago
Antzerkiez gain, Zure zuhaitza apaindu ekimena nabarmendu nahi izan du. Ekimenagaz, Talako zuhaitz bat apaindu dute, nork bere etxean egindako diseinu eta muntaiekin.
Kalerik kalek izandako harreragaz harro, datorren urtean berriro ere Mundakara antzerkiak eta kultura ekartzeko ahalegina egingo dutela ziurtatu du. Ez hori bakarrik, urtean ere bestelako ekimen txikiago batzuk egitea pentsatuta daukatela adierazi du, «jaialdia bultzatzen laguntzeko». Azkenik jaialdia prestatzen lagundu duten boluntario guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, «prest egoteagatik, hainbeste inplikatzeagatik eta hain ondo egiteagatik».