Ordenantza bi lantzeko parte hartze prozesua zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak
Gernika-Lumoko Udalak ordenantza bi lantzeko parte hartze prozesua zabaldu du; hileta elizkizun zibilei buruzkoa eta Gernika-Lumoko kutsadura akustikoari buruzkoa. Herritarren interesak eta ardurak zeintzuk diren jakitera bideratutako parte hartze prozesuak dira hauek.
Dagoeneko, hileta elizkizun zibilei buruzko ordenantzaren zirriborroa eginda dago, eta etorkizunean hileta zibilak udalaren lokaletan egiteko baimenak eta erabilerak arautzen ditu. Hala ere, ordenantza honi buruzko ekarpenak egiteko aukera dute herritarrek, eta udalaren weborrian eskura dezakete orain arte idatzitakoari buruzko informazio guztia.
Ordenantza horretan hainbat datu zehazten dira; besteren artean, omenaldiak eta ekitaldiak egiteko baimenei buruzko ordezkaritza norena den, ekitaldiak noiz egin daitezkeen eta eskaera egiteko zein dokumentu aurkeztu behar diren. Gainera, interesatuen eskubideak eta betebeharrak zeintzuk diren argitzen du dokumentuak.
Kutsadura akustikoa. Kutsadura akustikoari buruzko ordenantza idazteko parte hartze prozesua ere martxan dago, eta parte hartze horrek “herritarren interesak eta nahiak” zeintzuk diren jakiteko balioko duela adierazi du udalak.
Prozesu parte hartzaile biak Gernika-Lumon erroldatutako adin nagusiko edozeini eta herriko elkarte eta erakundeei zuzenduta daude.
Hileta elizkizun zibilei buruz ekarpenak egiteko epea irailaren 15era artekoa da, eta kutsadura akustikoari buruz irailaren 30era arte idatzi ahalko dute herritarrek. Ordenantzak Gernika-Lumoko Udalaren webgunean kontsulta daitezke, eta ekarpenak egin nahi izanez gero, partaidetza@gernika-lumo.net helbide elektronikora idatzi behar dute.