Independentziaren aldeko eguna ospatu dute Bermeon
Euskal Errepublikaren aldeko aldarrikapena eta Kataluniako prozesuarekiko elkartasuna adierazi zuten independentziaren aldeko egunean, Bermeon.
Independentistak Sareak deituta, txalaparta hotsekin hasi zuten ekitaldia Goiko plazan. Zapatuko eguerdiko 12:30ean hasi zen jaia eta jendez bete zen Goiko Plaza.
Bertan eginiko ekitaldian, Txutxi Ariznabarretak hartu zuen hitza, eta Euskal Herri burujabea aldarrikatu zuen. “Geure etorkizuna eraikitzeko burujabetza osoa behar dugu eta Espainiako eta Frantziako estatuen egituren barruan ez daukagu inolako burujabetza aukerarik. Menpekotasunak gure etorkizun politiko, ekonomiko, soziala zein kulturala hipotekatzen ditu; gatazka eta noraeza besterik ez dakar. Independentzia da gure alternatiba bakarra. Euskal Errepublika da gure helburua”.
Kataluniako Diadari buruz ere hitz egin zuen Ariznabarretak: “Ziur nago berriro ere herri katalanak egundoko indar erakustaldia egingo duela Diadan, eta independentziaren bidean fase definitiboari aurre egiteko prest dagoela adieraziko diola mundu guztiari. Iazko urriaren 1eko erreferendumean argi eta garbi adierazitako agindua bete eta Errepublika Katalana eraikitzeko estrategian aurrera egiteko ordua dela aldarrikatuko dute herritarrek”.
Gainera, Euskal Herriko eta Kataluniako herrialdeen artean “indarrak batzeko garaia” dela adierazi zuten Ariznabarretak: “Borroka honetan katalanek beste jokatzen dugu geuk ere, guztion etorkizuna dago jokoan. Hemen ere, prozesu soberanista martxan jarri eta Kataluniarekin batera, estrategia komun baten bitartez, Estatu autoritarioari aurre egin eta bi herriok independentziaren bidean aurrera egiteko ordua da.”
Kalejira. Goiko Plazan ospatutako ekitaldia amaitu bezain laster kalejiran atera ziren independentistak Bermeoko kaleetan zehar. “Gora Euskal Errepublika” pankarta buru zutela kalez kale ibili ziren bertaratutakoak Kankinbara txistulari taldeak girotutako ibilaldian.
Kalejira bukatuta Lilibertso taldeko bertsolariek kantuz betetako bazkaria egin zuten Portalen. Gainera, egunari amaiera emateko Urdiñak musika taldekoak aritu ziren.