Ekainean hasi eta abendura bitarte, hileko lehen zapatuetan azoka berezia hartzen du Gernika-Lumoko Merkatu plazak; egun bakoitzean gai bat oinarri hartuta. Oraingoan, untxia eta sagardoa izan dira nagusi. Eguzkiari ihesean, itzalpean bildu ziren hainbat herritar zapatuan, Merkatu plazan. Jan-edanerako aukera izan zuten bertaratutakoek. Untxia jateko eta sagardoa edateko irrikak elkartu zituen herritarrak inguru horretan.
Ohi bezala, goizeko 09:00etan zabaldu zuten azoka, eta eguerdira bitarte izan zuten zabalik. Aurrekoetan bezala, produktu protagonistak dastagai egoteaz gain, ortuariak, artisautza lanak eta bestelako produktuak jarri zituzten salgai azokak iraun zuen bitartean. Guztira, 22 ekoizle batu ziren bertan: sagardoarena, eztiarena, gaztarenak, gildena, mermeladena, ogi eta euskal pastelarena, patearena, txakolinarena, artisautza lanena eta liburuena.
Urriaren 6an egingo dute hurrengo azoka berezia: orduan, sukalkia izango da erakusgai, salgai eta dastagai Gernika-Lumoko Merkatu plazan.