Saninazioekin, agur uztailari

Udako festen giroari eutsiko diote Lea-Artibai eta Busturiladeko hainbat herrik eta auzok saninazioetan, martitzenera arte zer ospatu egongo da. Goiztiarrenak foruarrak izango dira; gaur murgilduko dira jai nagusietan.

Uztaila jairik jai ibili ostean, saninazioen txanda iritsi da Lea-Artibai eta Busturialdera.

Santuaren eguna martitzenean bada ere, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko auzo eta herri askotan aurretik hasiko dituzte ospakizunak. Foruan, esaterako, gaur bertan hasiko dira urteko jai nagusiak, iluntzeko txupinazoagaz. Eta San Inazio eguna ailegatu bitartean, hurrengo egunak festa giroan biziko dituzte foruarrek. Ume, gazte zein nagusi, denen neurrirako egitaraua prestatu dute.

Bihar, berriz, Muxikako Urrutxu auzokoen txanda iritsiko da. Etzi amaituko dituzte jaiak, txokolate janagaz. Eako Bedarona auzoan ere festak ospatuko dituzte domekatik martitzenera. Askotariko ekintzak egongo dira. Ibarrangeluko Laida auzoan ere zer ospatu edukiko dute astelehenean eta martitzenean. Paella jana, sangria eta mojitadie, trikipoteo eta dantza taldearen ekitaldia egingo dira, besteak beste.

Ondarroako San Inazio kalean, Gaztelugatxen (Bermeo) eta Markina-Xemeingo Larruskain auzoan, berriz, San Inazio egunean bertan egingo dituzte ospakizunak. Larruskainen, berritasun bat edo bestegaz datoz jaiak. Estreinako, aurten ez da auzo bazkaririk egingo, eta bits jolasean opariak ezkutatuko dituzte apar artean. Herri kirolen tartean ere emakume batek parte hartuko du estreinako. Sabi Fondonen aurka ariko da Susana Maldonado harri zulatzen eta giza proban. Ostean, herritarrek herri kirolak probatzeko aukera izango dute, lehenengoz.
Ez dago iruzkinik
iteyedu
2018-07-26 09:13:35

Send this to friend