«Gertuko» uraren eta ur partzuergo publikoaren alde egin dute herritarrek
«Bizitza eta osasuna ezin direla negozio pribatua» izan argi utzi dute Merkurion egindako agerraldian. Oiz mendiko ubideak berriztea ezinbestekoa dela iritzi diote«Gertukoa eta publikoa» den ura eta ur partzuergoa eskatu zuten herritarrek herenegun...
«Bizitza eta osasuna ezin direla negozio pribatua» izan argi utzi dute Merkurion egindako agerraldian. Oiz mendiko ubideak berriztea ezinbestekoa dela iritzi diote
«Gertukoa eta publikoa» den ura eta ur partzuergoa eskatu zuten herritarrek herenegun arratsaldean, Gernika-Lumon. Agerraldian eskualdeko herritarrez gain, zenbait herrietako alkate eta zinegotziak egon ziren; besteren artean, Idurre Bidaguren Bermeoko alkatea, Iratxe Arriola Eako alkatea eta Aitor Goldaraz Muxikako alkatea.Ura «bizitzaren oinarria» dela azpimarratu zuten, eta bizirik dauden eta etorkizunean biziko diren herritarren oinarrizko eskubidea dela aldarrikatu zuten. «Badakigu nondik datorren ura, zelan erortzen den zerutik, zelan batzen den mendi tontorretan, eta zelan heltzen den ubideetatik ingurune honetara». Horregatik, ura ezin dela pribatua izan azaldu zuten ekitaldian, beste hitz batzuetan, ezin dela negoziorako erabili. «Badaude uragaz negozioa egin nahi dutenak, baina bizitza eta osasuna ezin dira inoiz negozio pribatua izan», esan zuten.
Uraren jabegoa eta hartzaileria %100 publikoa izatea bermatu behar dela deritzote herritarrek, «guztiena den partzuergoaren alde». Hala, ur publikoaren inguruan mugitzen diren guztiek ur partzuergoko langileen enpleguak babestu behar dituztela esan zuten. «Uraren ziklo integrala guztion begiradapean eta guztion eskuetan dagoela ziurtatu behar da».
Uraren «kudeaketa publiko, garden eta eraginkorra» bermatu behar dela argi utzi zuten herritarrek. Horretarako, «demokrazia parte hartzailerako modu berriak sustatzea» bultzatu behar dela esan zuten.
Busturialdeko uraren kudeaketa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esku utzi nahi dutenak ere badaudela gogorarazi zuten: «Badira ura herriko udaletatik eta eskualdetik urrundu nahi dituztenak ere». Eta integrazioa gertatuz gero, eguneroko kudeaketa eta erabakiak ordezkaritza txikiko organoetan utziko direla azaldu zuten.
Konponbide bila
Busturialdeko Ur Partzuergoa dela ura gertu egotea bermatzen duen bakarra esan zuten, «uraren ziklo osoko kudeaketa ekonomiko egokia ziurtatzen duen bakarra delako».
Gainera, konpondu beharrekoak Busturialdeko Ur Partzuergoan ere badaudela aitortu zuten; lehorte garaian ur eskasia dagoelako. Arazo horiei konponbidea eman behar zaiela argi daukate Merkurion bildutako herritarrek, eta Oizko ubideak berriztea ezinbestekoa dela iritzi diote: «Ez gara konponbideen zain egon behar, bultzatu egin behar ditugu».
Ekitaldia bukatzeko, ur guztiak itsasotik itsasorako bide integralean eta kontsumitzaileengandik hurbil egon behar direla aldarrikatu zuten, Ure hurre lelopean.