EuskarAbenturako lagunak Mutriku, Markina-Xemein eta Gernikatik igaroko dira
Euskal Herria zeharkatzen dabiltzan gazte eta helduek hilaren 31n bukatuko dute abentura Getxon. Bihar Mutrikutik Markina-Xemeinera abiatuko dira, eta handik Gernikara hurrengo eguneanUztailaren 1ean Maule-Lextarren hasi zuten abentura hilaren 31n Getx...
Euskal Herria zeharkatzen dabiltzan gazte eta helduek hilaren 31n bukatuko dute abentura Getxon. Bihar Mutrikutik Markina-Xemeinera abiatuko dira, eta handik Gernikara hurrengo egunean
Uztailaren 1ean Maule-Lextarren hasi zuten abentura hilaren 31n Getxon bukatuko dute EuskarAbenturako 140 lagunek. Horra ailegatu orduko, baina, Mutrikun, Markina-Xemeinen eta Gernika-Lumon ere izango dira.Done Jakue bide ezberdinetatik igarota, Euskal Herria zeharkatzeko asmoz hasi zuten abentura 16-17 urte bitarteko 110 gaztek, 30 helduz lagunduta. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako gazteak dira parte hartzen dutenak, eta horiekin batera daude, esaterako, diasporako bi ere: bata Patagoniakoa eta bestea Washingtongoa. Izan ere, duela hiru urte hasi ziren bueltak ematen EuskarAbenturaren ideiari, Euskal Herritik urrun: Boiseko (AEB) Euskal Jaian.
Esperientzia bete motxila aldean, guztira, 783 kilometro egingo dituzte; horietatik 438 oinez. Betiere, euskara ardatz hartuta. Euskal Herriko hiriburu guztiak zeharkatuko dituzte, eta Unescok izendatutako Gizateriaren Ondareak bisitatuko dituzte. Etapa bakoitzaren amaieran, gainera, ekintzak egiten ari dira EuskarAbenturakoak. Geografia, historia, kultura eta errealitate soziolinguistikoari ere tartea eskaintzen dabiltza.
Azken ibilbideak
Bihar, Itziar atzean utzi eta Mutrikuko Olatz auzora autobusez joango dira, handik Markina-Xemeinerantz oinez joateko. Gernika-Lumorako bideari ekingo diote hurrengo egunean. Besteak beste, Arretxinagako (Markina-Xemein) baseliza, Santimamiñe koba eta Oma basoa (Kortezubi) eta Gernikako Juntetxea ezagutuko dituzte. Gernikatik Bilbora abiatuko dira astelehenean, eta Getxo izango dute helmuga hileko azken egunean.