Abuztuaren lehen egunak, jai giro ederrean gozatzeko aukeraz bete

Lehenengoz, Krono-Igoera lehiatuko da Isuntza zubitik herriguneraino. Bost talde zuzenean entzuteko aukera eskainiko dute jaiek. Autobusak jarriko ditu udalak

Dena prest daukate Mendexan sanpedroei ondoetorria eman, eta lau egunez kaleak jai giroz betetzeko. Ekimen gehienak Zelaian izango badira ere, Karraspion lehiatuko den Boleibol Txapelketagaz hasiko dituzte aurtengo jaiak mendexarrek. Gazte zein nagusien mailako jokoa ikusteko aukera egongo da martitzen goizean Mendexako hondartza ederrean.

Zelaian, berriz, pilota partiduak eta meza egongo dira eguerdian, eta herriko nagusiek ere bazkaria edukiko dute. Aurten, berrikuntza moduan, Krono-Igoera lehiatuko da Isuntza zubitik hasi eta herriguneraino. Dagoeneko 50 parte hartzailek izena eman dutela aurreratu du Jesus Mari Anakabe Mendexako alkateak. Hala ere, izena emateko aukera zabalik dago gaur ere, beraz, azken ordukoek animatzeko aukera daukate oraindik. Horretarako Mendexako udaletxera deitu edo arantza@mendexa.net helbide elektronikora idatzi behar dute mezua.

Parte hartzaile guztiek Mendexa Abentura Parkerako familia guztiarentzako sarrera jasoko dute, eta ikusleen artean ere 10 sarrera zotz egingo dituzte.

Proba 18:00etan hasiko da, eta guztira 2,2 kilometroko aldapa igo beharko dute txirrindulariek. Malda bataz beste %8koa dela iragarri dute. «Orain dela 32 urte egin zen horrelako beste proba bat eta Julian Gorospek irabazi zuen», oroitu du alkateak.

Kirol aukera lasaiagoak egongo dira ostean: txapel jaurtiketa, txinga eroate eta irrintzi txapelketak, eta ohiturari eutsiz, arratsaldeari amaiera emateko, sardina, gazta eta sagardo dastaketagaz aseko dituzte sabelak. Egunez aldatu badute ere, mendexarren artean estimu handia duen dastaketa ez da oraingoan ere faltako.

Mahai Gainekoa

Ohi modura, ikuskizuna eskainiko du Mendexako dantza taldeak San Pedro egunez. Mahai Gainekoa dantza egingo dute 11:00etako mezaren ondoren. Izenak berak dioen bezala, dantzariak txandakatuz, mahai baten gainean egiten dute dantza.

Umeek ere izango dute zer gozatu jaietan. Datozen egunetan, Gorriti eta Lopeneren animaliak, txapel jaurtiketa eta irrintzi txapelketa eta krosa ere izango dute etxeko txikiek herriko jaietan. Bestalde, musika eskaintza zabala izango da. Arkada Social eta DJ Lpuntoren kontzertuak martitzenean, eta, eguenean, Anita Parker, Nogen eta Gora Herria taldeen doinuak entzuteko aukera eskainiko dute sanpedroek. Txosnako musikak girotuko du, berriz, eguazteneko gaua, eta herritarrek ere egingo dute ekarpena playback txapelketako abestiekin.

Abuztuaren 2an, tortilla txapelketa egingo da, jaietako beste klasiko bat. Seigarrena izango da aurtengoa, eta eguerdian izendatuko du epaimahaiak aurtengo hoberena. Jaietako azken egunean, berriz, auzoen arteko marmitako txapelketa edukiko dute. 11. norgehiagoka izango da aurtengoa, eta ikurrina auzora eramateko ahalik-eta marmitako gozoena egiten saiatuko dira mendexarrak. Bazkarian batuko dira gero. Urtero, 200 bat lagun biltzen dira frontoian giro ederrean; ume, gazte zein helduek aurten ere ez diote hitzorduari hutsik egingo.

Jaietara segurtasun guztiagaz joateko autobusa jarriko du udalak Lekeitiotik, kontzertu egunetan, eta Gababusa ere edukiko dute eskualdeko gainerako bizilagunek.
Ez dago iruzkinik
iteyedu
2018-07-26 09:13:35

Send this to friend