Andabideei buruzko erakusketa ireki dute Simon Bolivar Museoan
Simon Bolivarren jaiotzaren 235. urteurrena eta museoaren irekieraren 35. urteurrena ospatu dituzte. Abenduaren 28ra arte egongo da erakusketaSimon Bolivarren jaiotzaren 235. urteurrena eta Simon Bolivar Museoaren 35. urteurrena ospatu zuten atzo, Zior...
Simon Bolivarren jaiotzaren 235. urteurrena eta museoaren irekieraren 35. urteurrena ospatu dituzte. Abenduaren 28ra arte egongo da erakusketa
Simon Bolivarren jaiotzaren 235. urteurrena eta Simon Bolivar Museoaren 35. urteurrena ospatu zuten atzo, Ziortza-Bolibarko Andabideak erakusketaren irekieragaz.Hildakoak eroateko bideak ziren andabideak. Hau da, norbait hiltzean, etxetik elizara bitartean egin beharreko bideak.
Erakusketa hiru zatitan egituratuta dago. Museoaren beheko solairuan, alde batetik, hilburukoari edo testamentuari buruzko informazioa aurki daiteke. Erakusketaren parte garrantzitsuenean askotariko andabideak ageri dira. Hain zuzen, garai bateko andabideak zeuden egungo argazkiak sartu dituzte, eta zeintzuk joaten ziren Bolibarko San Tomas elizara eta zeintzuk Ziortzako Andra Mariaren elizara. «Erakusketa xumea da, baina eduki aldetik aberatsa, eta lanean jarraitzeko aukera ematen du», adierazi du Ana Arriaga Simon Bolivar Museoaren zuzendariak.
Argizaria, hildakoentzat
Azkenik, hildakoen edo heriotzaren errituala zelan egiten zuten azaltzen da. Horretan, ereinotzak, kandelak, argizaiolak, ganderailuak…, heriotzagaz zerikusia duten askotariko objektuak daude. Erleontziek leku berezia daukate. Izan ere, museoaren zuzendariaren berbetan, erleontziek berebiziko garrantzia zeukaten: «Familiakoren bat hiltzen zenean, elizakoek abereei heriotzaren berri ematen zieten, eta bereziki erleei. Horiei argizaria egiteko eskatzen zieten, ondoren elizara eroaten zuten hildakoari eskaintzeko». Errotalde baserriko erleontzien argazkiekin osatu dute erakusketa, eta irudietan oihal beltz bategaz estalita agertzen dira ontziak. Izan ere, oihal zuriz estaltzen zituztenez, lutoa jantzi esamoldea erabiltzen zuten herritarrek.
Andabideak auzolanean egin eta mantentzen zituzten, eta atzo inauguratu zuten erakusketaren zati handi bat ere auzolanari esker egin dutela azpimarratu du Arriagak, eta izan duten laguntza eskertu du. Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegi Historikotik zein hainbat bibliografietatik hartu dute informazioa, baina datu eta azalpen asko ziortza-bolibartarren ahotik jaso dituzte. «Bolibarko auzuneetan jendeari galdetzen ibili gara, eta euren ekarpena ere badago».
Erakusketa bisitatu ostean, antzinako andabideetako baten parte bat egin zuten, eta andabide guztiak amaitzen ziren lekuetako batean elkartu ziren, San Tomas elizan. Museoaren aurretik Simon Bolivar plazara joan, eta bertan lore eskaintza egin zuten Askatzailea-ren omenezko monolitoan. Ondoren, elizpean kopauan elkartu ziren.
Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak bertaratukoei ondoetorria eman zien, batez ere Venezuelatik eta Boliviatik Ziortza-Bolibarrera hurbildu ziren gonbidatuei. Simon Bolivarren jaiotzaren urteurrenean urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzea seinale ona eta pozgarria dela nabarmendu zuen. «Museoan egiten duen lanagatik eskerrak eman nahi dizkiot Anari. Bera da honen arima».
Beste alde batetik, Danak ez dira berdinak: bideak ezagutzen hitzaldia eman zuen Bilboko Euskal Museoko Ikerketa eta Proiektu berrien arduradun Amaia Basterretxeak. Ikerketa historikoetan eta arkeologikoetan ibilbide oparoa egin du, eta, batez ere, bideen ikerketan sakondu du.
Berbaldian bidearen definizioa eman, eta bide mota desberdinei buruzko azalpenak eman zituen. XV-XVIII. mende artean Bolibarren eta Ziortzan zeuden bideei buruz aritu zen. Artxiboetako dokumentuetan ageri den toponimia eta egungoa ezberdina izateak lana zaildu diola adierazi du. «Bide hauen ibilbidea zein den ez dakigu». Esaterako, Ziortzaren komunikazio bideak azpimarratu ditu. «Ziortzak Durango, Ermua eta Lekeitiogaz komunikazio zuzena zuen, aberatsa zelako. Burdinola asko zeuden, harria ateratzen zuten Oiztik, eta pinu asko zituen eta ikatza egiteko basoak».
Erakusketa abenduaren 28ra arte egongo da ikusgai. Martitzenetik barikura 10:00etatik 13:00etara dago zabalik uztailean eta abuztuan baita 17:00etatik 19:00etara ere. Zapatu, domeka eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara bisitatu daiteke museoa.