Jabier Abaunza Lannemezan espetxera hurbildu dute
Gernikarra Moulins-Yzeuren zegoen, etxetik 800 kilometrora; orain, 317 kilometrora dago. 2009an 35 urteko zigorra ezarri zion Espainiako AuzitegiakJabier Abaunza preso gernikarra Lannemezan kartzelara hurbildu dute. Orain arte, Moulins-Yzeure espetxean...
Gernikarra Moulins-Yzeuren zegoen, etxetik 800 kilometrora; orain, 317 kilometrora dago. 2009an 35 urteko zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegiak
Jabier Abaunza preso gernikarra Lannemezan kartzelara hurbildu dute. Orain arte, Moulins-Yzeure espetxean zeukaten preso; Euskal Herritik 800 bat kilometrora. Etxerat-ek jakitera eman duenez, etxetik 317 kilometrora hurbildu dute orain: Lannemezan kartzelara, hain zuzen ere.Frantziako Justizia Ministerioak aurtengo urtarrilaren erdialdean iragarri zuen euskal presoen gerturatzeekin hasiko zela, eta, ordutik, hogei preso gerturatu dituzte; azkena Abaunza bera.
Guztira, EPPK-ko 50 kide daude Frantziako estatuaren kartzeletan, eta joan den otsailean hurbildu zituen lehen euskal presoak Euskal Herrira. Besteren artean, Aitzol Etxaburu Artetxe preso ondarrutarra Clairvaux-ko espetxetik Mont de Marsan-eko (Frantzia) espetxera hurreratu zuten uztailaren 4an etxetik 1.028 kilometrora zegoen, eta orain, 206 kilometrora dago. Uztailaren 13an hurreratu zituzten Ibon Goieaskoetxea preso busturiarra, Igor Suberbiola donostiarra eta Asier Bengoa gasteiztarra.
2002. urteko maiatzaren 1ean atxilotu zuten Jabi Abaunza Miort-en (Frantzia), Manex Zubiagagaz eta Lexuri Gallastegigaz batera. 2009an Espainiako Auzitegi Nazionalak 35 urteko zigorra jarri zion, ustez Espainiako Auzitegi Nagusiko epaile Rafael Martinez Emperador hiltzeagatik.
Gose eta edari grebak
2017ko uztailean, gose greba egin zuen preso gernikarrak, Moulins-Yzeure kartzelan zeuden Iurdan Martitegi durangarragaz eta Aitzol Iriondo donostiarragaz batera. Sara Majarenas eta Izar bere alabarekiko elkartasuna adierazteko eta haien kontrako erasoa eta bizi zuten egoera salatzeko hasi zuten protesta. Majarenasen «berehalako askatasuna» exijitu zuten hiru euskal presoek.
Bi urte lehenago ere egin zuen gose eta egarri greba Abaunzak. Egun batzuk lehenago bisitara atera behar zutenean liskarra sortu zela azaldu zuten gernikarraren gertukoek. Katxeatu egin zuten, beste zenbait presogaz batera. Horren aurrean protesta egin zuten, bisita egin aurretik normalean ez zizkietelako katxeo integralak egiten bisiten ostean katxeatzen zituztela azaldu zuten.
Egun horretan, gauerdian, isolamendura eraman zuten Moulins-Yzeure espetxeko funtzionarioek; beste sei preso ere zigortu egin zituzten. Gertatutakoak ikusita, euskal presoen bizi baldintzek okerrera egin zutela salatu zuten gernikarraren familiakoek. Are gehiago, espetxeko zuzendaritza aldaketari egotzi zioten presoen egoerak okerrera egin izana. Neurri murriztatzaileagoak hartu zituztela zuzendaritza taldekoek zioten; hala, egoera horiek salatu eta neurriei aurre egiteko hasi zuen gose eta egarri greba Gernika-Lumoko presoak.