Hegazti migratzaileak ikertzeko proiektua abian jarriko dute Izaro uhartean

Uharte txikiek itsasoa zeharkatzen duten hegazti migratzaileentzat duten geltoki-funtzioa aztertzeko proiektua jarriko dute martxan, Izaro Uhartean. Aranzadi Zientzia Elkarteko Ornitologia sailak eta Urdaibai Bird Centerrek, Bermeoko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntzagaz batera, sortu dute egitasmoa.

Gaur goizean aurkeztu dute proiektua, Bermeon

Gaur goizean aurkeztu dute proiektua, Bermeon

Proiektuaren aurkezpenean Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko ordezkaria, Luis Betanzos eta Maite Laso Aranzadi Zientzia elkarteko kideak eta Irune Ormaetxea Bermeoko Ingurumen zinegotzia egon dira. Ormaetxeak azaldu duenez, “lehen aldiz egingo den proiektua” da, eta horren helburua Kantauri Itsasotik, Izaro irlatik zehazki, eskualdera eta batez ere Urdaibaira sartzen diren hegaztien ibilbidea eta egoera ikertzea da.

Zehazki, Europatik Afrikara migratzen duten hegazti txikiak izango dira ikerketa horren gai nagusia. Kantauri itsasoa zeharkatuz egiten duten migrazioaz dakitena “sakondu” nahi dute egitasmoagaz, eta hori lortzeko, Izaro uhartean txoriei eraztunak jartzeko kanpaina bat jarriko dute martxan, hegazti horiek zein egoeratan bidaiatzen duten eta uhartean egiten duten geldialdiaren arrazoia ikertzeko asmoagaz.

Adituentzat txoriek Izaron eta bestelako uharte txikietan egiten duten geldialdia apartekoa da, askok Normandiatik jarraian egiten baitute bidaia, beste inon gelditu gabe. Izaron, elikatu eta indarrak berreskuratzeko geldialdia egiten dute, eta “kokaleku estrategikoa” deritzote itsasotik datozen hegaztien migrazioa aztertu ahal izateko. “Kantauri itsasertzean atseden hartzeko dituzten gune horiek ezagutzea oso garrantzitsua da guretzako, baita hegaztien kontserbaziorako ere”, adierazi du Lasok.

Betanzosek eman du proiektuaren xehetasunen berri. Adierazi duenez, ikerketa abuztuan abiaraziko dute, hegazti migratzaileen kopuru handiena hilabete horretan igarotzen baita Izarotik. Hortaz, abuztuaren 1etik 31ra bitartean, lau ikertzaileko taldeak joango dira laginketa lana egitera, txandaka, eta harrapatzen dituzten hegaztiei eraztunak jarriko dizkiete. Eraztun horiek txorien “nortasun agiri” bezala jokatuko dutela azaldu du Betanzosek, eta hegaztiek egindako ibilbidea zehazteko lagungarri egingo zaie.

Eraztunak jartzearen arduradun bat eta hiru laguntzailek osatuko dute talde bakoitza. Ikertzaileak uhartean biziko dira, eta gauak kanpin-denda batean emango dituzte. Bost astez egongo dira ikerketa lanak Izaron egiten. Ikertzaileak Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Extremadura, Menorca edo Madriltik etorriko dira, eta gehienak “ornitologiaren, xede zientifikoetarako eraztunak jartzearen eta biologiaren zaleak” izango direla azaldu du Aranzadiko kideak.

Hegazti transahararrak. Azaldu dutenez, eraztunak jartzeko kanpaina espezie transahararrekin egingo dute. Hau da, Europan kumeak izan eta negua Afrika tropikalean igarotzen duten hegaztiei buruzko datuak lortzea izango da ikerketaren  xede nagusia. Kategoria horren barnean aurkitzen diren 40 hegazti espezie inguru igarotzen dira Izarotik.

Hilabete osoa Izaron igaroko duten arren, ahalik eta eragin txikiena izan nahi dute bertako ingurumenean, baita hegaztietan ere. 16 mm-ko argitasuneko sareak ezarriko dituzte uhartean, hegaztiak harrapatzeko. Sare horiek egunsentitik iluntzeraino irekita egongo dira, eta ikertzaileek orduro kontrolatuko dituzte. Euria eta haize zakarra izanez gero, sareak itxi egingo dituzte, harrapatutako hegaztiak hiltzeko arriskua baitago. Hegaztiak sareetan ahalik eta denbora gutxien egoteko eta horien manipulazioan ere ahalik eta gutxien egoteko jarduera prokotolo bat edukiko dutela zehaztu dute.

Proiektuan lan egin dute ordezkari eta kideak. Atzean, Izaro uhartea ikus daiteke.

Proiektuan lan egin dute ordezkari eta kideak. Atzean, Izaro uhartea ikus daiteke.

Txoriak harrapatzerakoan, aurretik prestatutako kolektoreetan sartuko dituzte, eta jarraian, hegalen eta soinaren luzera, koipea eta pisua neurtu eta eraztunak jarriko dizkiete, jarraipena egiteko. Hala, hegazti migratzaile horiek “ikertu, ulertu eta horiei buruzko datuak lortu” nahi dituzte.

Proiektuaren aurrekariak azaldu dituzte arduradunek. Mediterraneoan PicoleIsole izeneko antzeko proiektua da abian 1988. urtetik, eta bertan ere uharte txikiek hegazti migratzaileentzat daukaten berebiziko garrantzia ikertzea dute helburutzat.

Epe luzerako egitasmoa. Izaron egingo den proiektua ideia horretatik irten dela nabarmendu dute arduradunek, “antzeko zerbait egiteko asmoagaz”, baina Izaro eta Kantauri itsasoak dituzten “berezitasunak” kontuan hartuta, irlak aparteko flora eta fauna dituelako. Egitasmoak gutxienez 5 urteko iraupena izatea nahi dutela azaldu dute, horrela datu fidagarri eta zehatzak lortu ahal izateko.

Uhartera hurreratzeko egon daitezkeen arazoak ere nabarmendu dituzte: “ez dago ontziratzeko lekurik” eta beraz, hurbiltzeko metodorik seguruena “Bermeoko Gurutze Gorriaren ontzietan joatea” dela azaldu dute, betiere itsasoaren egoeraren arabera.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

iteyedu
2018-07-26 09:13:35

Send this to friend