Beaskoetxea eta Ekhi ere, Gernikako Grand Slamaren finalaurrekoetara
Olhak eta Etchetok ezustekoa eman dute iazko txapeldunak kanporatuta. Ekhik eta Beaskoetxeak Goikoetxearen eta Lekerikaren aurka lehiatuko dute finalerdiaEkhik eta Beaskoetxeak Lekerika eta Goikoetxearen kontra jokatuko dute Gernika Jai Alai Grand Slam...
Olhak eta Etchetok ezustekoa eman dute iazko txapeldunak kanporatuta. Ekhik eta Beaskoetxeak Goikoetxearen eta Lekerikaren aurka lehiatuko dute finalerdia
Ekhik eta Beaskoetxeak Lekerika eta Goikoetxearen kontra jokatuko dute Gernika Jai Alai Grand Slamaren finalaurrekoa. Zapatu gaueko final-laurdenean Barandikari eta Hernandezi irabazita lortu zuten finalerdietarako txartela.Abuztuaren 4an ariko dira zein baino zein gehiago Beaskoetxea-Ekhi eta Goikoetxea-Lekerika bikoteak. Aurretik, zapatu honetan, Egiguren II eta Irastorza eta Olha eta Etchetoren arteko finalaurrekoa lehiatuko dute zesta-puntaren katedralean.
Emozio handiko bi partiduz gozatu zuten Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian bildutako zaleek. Bi partiduetan hirugarren set-a beharrezkoa izan zen finalaurrekoetara sailkatuko ziren bikoteak erabakitzeko. Hala, bi neurketetan batik bat bigarren eta azken set-ak izan ziren emozio bizikoak eta ikusleen txaloak bereganatu zituztenak.
Letxuga gogoan
Bi partiduen artean, 63 urtegaz barikuan zendu zen Victor Bereikua Elorrio puntista markina-xemeindarra omendu zuten. Haren omenez, besoko beltzagaz jokatu zuten zortzi pilotariek. Elorrio Miami Vice telesail ospetzuaren hasierako kredituetan agertu zen, eta Jai Alai Blues dokumentalerako elkarrizketatu zuteneko bat da. Letxuga ezizenez ere bazen ezaguna.
Gaueko lehen final-laurdenean, Olhak eta Etchetok ezustekoa eman zuten, iazko bikote irabazlea txapelketatik kanporatuta. Lehenengo set-ean 6-15 nagusitu ziren Olha eta Etcheto; Olha bizi kantxaratu zen, eta Etcheto serio eta seguru. Gero, Olharan eta Lopez suspertu egin ziren, eta eurentzat izan zen bigarren set-a: 15-12. Azkenean, 4-5 emaitzagaz, Olha eta Etchetorentzat izan zen garaipena.
Ondoren, kalitate zein parekotasun handiko lehiaz gozatu zuten ikusleek. 15-7 irabazi zuten lehenengo set-a Ekhik eta Beaskoetxeak. Bigarrena, berriz, Hernandezentzat eta Barandikarentzat izan zen: 10-15. Hirugarrenean Ekhik eta Beaskoetxeak ez zuten barkatu: 5-2. Bi aurrelari gernikarrek ikuskizun polita eskaini zuten etxean; tanto ikusgarriak egin zituzten biek ala biek.