Europako lehenengo laborategi flotagarria itsasoratu dute Bermeon

Itsas barruan saiakuntzak egiteko diseinatutako laborategi flotagarria jarri zuten martxan barikuan, Bermeon. Bertan igaro ditu lehendabiziko egunak laborategiak, baina aste honetan Armintzako kostaldean dagoen Biscay Marine Energy Platformera eramango dute.

Tecnaliak ikeketa eta garapen teknologikoko zentroak garatu du laborategia, eta Euskadiko zenbait enpresak babestu dute. Gainera, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Energia Klusterrak kooordinatu du eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak laborategia babestu du, “enpresak indartzeko, lehiakortasuna irabazteko, negozioa areagotzeko eta aberastasuna eta enpleguak sortzeko” aukera dela esanez.

tapia tecnalia

Tecnalia ikerketa zentroak garatutako HarshLab izeneko laborategiaren bidez, itsas energiak itsas zabalean ikertu ahalko dira, eta enpresek euren ikerkuntza prozesuetan eskuratzen dituzten produktu eta materialak aztertu ahal izango dituzte ingurune eta denbora errealean.

Informazio zehatza eskuratzea ahalbidetuko du instalazioak, eta materialek, osagaiek eta tresneriak ingurune kaltegarrian, zein jokabide izango duten iragartzeko aukera emango du. Luze irauten duten itsas zabaleko sistema energetikoak garatzeko balioko du gainera.

Osagaiek eta tresneriek  ingurune horretan duten bizi zikloa luzatzea dela laborategiaren ardatz nagusietako bat adierazi du tecnaliak, “itsas zabaleko energien kostuak txikiagotzeko eta energia hori lehiakorra eta jasangarria izateko”.

Aurkezpena

Instalazioagaz askotariko produktuak ebaluatuko dituzte: haize, petrolio eta gas energiaren alorreko finkagarriak; urpeko maneatzaileetako monitorizazio eta kontrol sistemak; sistema hidraulikoak; sistema eta osagai oleohidraulikoak; piloteetan erabiltzeko hodi metalikoak; babes-estaldurak eta soluzioak; ainguratze-sistemak eta material anizkoitzeko loturak.

Itsas zabaleko energiaren merkatuetarako soluzioak bilatzen dituzten enpresei zuzendutako laborategia da HarshLab. Besteak beste, Erreka, Credeblug, Ditrel Industrial eta Glual dira instalazio berrietan beren sistemak probatuko dituzten lehenendabizikoak. Hala ere, ontzigintzako sektorea, edota komunikabideena zein kirolarena ere baliatuko dira laborategiaz.

Proiektua.  Itsas zabaleko ingurune errealean saiakuntzak egiteaz gain, analisiak hiru zonatan egiteko aukera emango du laborategiak: olatuak hausten diren tokian, urpean eta ur-azalaren eta atmosferaren artean dagoen ingurunean.

HarshLab beste laborategi handiago eta konplexuago baten prototipoa edo eredua da; beste laborategia garapen fasean dago eta aurreikuspenen arabera, datorren urtean jarriko dute martxan. Bigarren laborategiak oraingoaren ahalmen guztiak izango ditu, eta elikatze elektronikoa behar duten tresneria onplexuagoak eta astunagoak balioesteko aukera emango du.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend