Madalen Eguna bihar helduko bada ere, Bermeoko Baztarre kaleko auzotarrek gaur eman diote hasiera festei. Hala, goizean goiz hasi dituzte jaiak, baina gauera artera iraungo duen egitaraua prest daukate, adin guztientzako jarduerekin beteta.
Goiza etxeko txikienentzako zuzenduta egon da. 10:30ean, jaien hasieragaz batera, umeentzako txokolate jana egin dute, eta tripa bapo bete ostean ohiko jolasekin aritzeko aukera eduki dute. Haurrentzako jarduerak ez dira hor bukatu, eta 11:30etik aurrera txotxongiloen ikuskizunaz edarto batean pasatzen aritu dira umeak, El Tenderete taldeak eskainita, eta ipuin kontalariaren istorioetan ere murgildu dira.
Bazkari berezia eduki dute auzotarrek, Haitz Nagusije Auzo Elkarteak antolatutako XII. Madalen bezperako bazkaria egin baitute, herriko kafe antzokian.
Bazkaldu ostean, musikak hartuko du Baztarre, doinu tradizional zein berriekin. Kankinkabara Txistu Taldekoek kalejira egingo dute Bermeotik zehar, eta ostean Bermeotar fanfarreak bere 40. urteurrena ospatzeko ikuskizun berezia eskainiko du Baztarren. Musikak Kanta Kanta Lorua ekimenagaz jarraituko du, kalejiran igaroko baitira.
Iluntzerantza doinu berritzaileagoak entzungo dira Bermeon. 21:00etan Jade bikote kubatarrak emanaldia eskainiko du, eta ondoren Rock kontzertuek alaituko dute Baztarreko gaua,
Garrafoie, Mamushka, Rukula eta
Urgatz taldeen emanaldiekin.
Egitaraua:
- 18:30. Kalejira Kankinkabara Txistu Taldeagaz.
- 19:30. Bermeotarrak fanfarrearen dantzaldi berezia.
- 20:00. Kanta Kanta Lorue ekimenaren kalejira.
- 21:00. Jade bikote kubatarraren musika emanaldia.
- 22:00. Rock kontzertuak: Garrafoie, Mamushka, Rukula eta Urgatz, Baztarren.