Ignacio Ipiñaren obrek Urdaibaiko zoko miresgarrienetan murgiltzen gaituzte, gaur egun ezagunak egiten zaizkigun, baina denboraren eta memoriaren zurrunbilo barruan aurkitzen diren paisaia eta guneak erakutsita.
Margolarien lanetan, ez da gizon-emakumerik azaltzen. Hala ere, pertsonek egindako lanen eskua ikus daiteke koadroetan, beti horien aztarnak aurkitu, ikuspegia ezagunagoa bihurtuz.
Ignacio Ipiña bilbotarra (1932-2010), hainbat alorretan trebea izan zen arren, margolari gisa egin zen ezaguna. Bere margolanen eboluzioa pintorearen bizipenei eta oroitzapenei lotuta dago. Guzti hori berak sortutako margolanen estetikan nabari daiteke: bere bizitzan zehar sentitu eta barneratutako egoera edota tokiak dokumentatzeko beharrak eraman zuen margolan asko sortzera, horietan bere buruan zegoena isladatuz.
Margolari bilbotarraren Denboraren marea izeneko lan bilduma ikusgai dago Busturiko Ekoetxea Urdaibai zentroan. Bertan aurkitzen den oleo sorta hamarkadaka banatuta dago, honek 60. hamarkadatik hasita, 2000. urteko hamarkadara arte pintoreak izan zuen garapena eta ibilbide artistikoa agerian uzten du.
Ipiñak bere estiloa honela deskribatu zuen: “ez da zehazteko erraza. Izan dudan irakasle bakarra natura izan da, berarekin elkartasun bat izatea bilatzerakoan”.
Margolariak paisaiak isladatzen ditu bere lanetan, eta hori da erakusketan ikusgai dauden koadroetan aurkituko duguna: Urdaibaiko padurak, Ogoñoko lurmuturra edota eskualdeko kostaldean dauden herriak azaltzen dira horietan. Hala ere, paisaia deskribatu beharrean, bere margolanekin “berregin” egiten zuela azaltzen zuen Ipiñak, une horretan bere paisaia propioa “sortuz”.
Naturarekin lotura. Esan bezala, koadroak margoztera eraman zituen arrazoiak, naturarekin sentitzen zuen lotura eta etengabe arriskuan ikusten zuen balio ekologiko handiko ingurunearen babesa izan ziren. Defentsa horren baitan, Urdaibaiko biosfera izan zen bost hamarkadetan zehar margolariaren arreta behin eta berriro bereganatu zuen kokaleku berezia.
Ekoetxea Urdaibai zentroan dago ikusgai Ipiñaren erakusketa.
Denboraren marea erakusketa irailaren 22ra arte ikusgai egongo da.