Manu Leginetxeren artxiboko 34 ale hartu ditu dohaintzan udal liburutegiak
Arratzuko Udal Liburutegiak Manu Leginetxe kazetari arratzuarraren artxiboko 34 kazetaritza ale hartu ditu dohaintzan. Haren artxibo pertsonala Euskadiko Artxibo Historikora eroateko bigarren jardunaldian jaso zuten ekarpena.Belendiz auzoan jaiotako ka...
Belendiz auzoan jaiotako kazetariak bere lan batzuk eskaini zizkion Arratzuri bizirik zegoenean, baita Gernika-Lumori ere. Eskainitakoa Euskadiko Artxibo Historikora eramatea kudeatu zuen orduan Arratzuko Udalak, eta orain, familiak eta senideek eman dizkiote udal liburutegiari 34 kazetaritza aleak, tartean gerra kazetari legez egindakoak.
Josu Olano Arratzuko alkateak esan du Eusko Jaurlaritzak burututako digitalizazio lanari esker, «modu unibertsalean eta ondo zainduta» izango dutela Leginetxeren dohaintza herrian: «Oso harro sentitzen gara gure seme ospetsuagaz, eta Arratzun beti gogoratuko dugu zein abenturazalea zen. Belendiztik aterata mundu osoan zehar ibili zen kazetariaren ametsa egi bihurtu zuen Leginetxek. Orain, bere familiaren eta kolaboratzaileen laguntzagaz, gure liburutegi xumean betirako gordeko dugu bere legatuaren zati bat».
Aljeria, India, Pakistan, Vietnam, Korea, Libano, Afganistan eta Nikarauako gerrak gertutik bizi izan zituen Leginetxek, eta horietan gertatutakoari buruzko informazioa argitaratu zuen hainbat komunikabidetan. Era guztietako erreportajeak egin zituen, bere ibilbide profesionalean hainbat sari eskuratuz. Euskal Kazetaritzaren Saria jaso zuen 2007an, eta El Club de los faltos de cariño liburuagatik Euskadiko Literatur Saria lortu zuen 2008an; aldundiak Bizkaitar Argia izendatu zuen urte berean.
Arratzuko Udal Liburutegia Euskadiko Liburutegien Sarean dago. Beraz, liburutegien arteko maileguak eta kontsultak egin daitezke.