Lurra sailkatzeko ohitura zaharra
Euskal Herriko kortak lantzen dituen erakusketa ibiltaria ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan urtarrilaren 6ra arte. Joan den barikuan aurkeztu zuten.Jakin nahiak bultzatzen ditu ikerketak, eta azterketa lan horiei esker hainbat informazi...
Euskal Herriko kortak lantzen dituen erakusketa ibiltaria ikusgai dago Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan urtarrilaren 6ra arte. Joan den barikuan aurkeztu zuten.
Jakin nahiak bultzatzen ditu ikerketak, eta azterketa lan horiei esker hainbat informazio eskura daiteke. Ikerketak dira lehenaldiaren eta orainaren arteko erlazioa sortzen dutenak; historia eta ohituren jatorriak zehazten edo aztertzen dituztenak, hain zuzen.Ohituretan oinarritutako ikerketak, gizarte sozial eta portaerei buruzkoak edota gatazkak lantzen dituzten lan asko daude gaur egun; garrantzitsuak guztiak. Barikutik, baina, Euskal Herriko ohituretan esanguratsuak izan diren korta edo saroiei buruzko erakusketa dago ikusgai, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan, eta 2019ko urtarrilaren 6ra bitartean egongo da bisitatzeko aukera.
Biribilak mendietan. Seles, Kortak, Saroiak. El monte en circulos izeneko erakusketa aurkeztu zuten udalerrian, eta erakusketa ibiltaria izango dela jakinarazi zuen Lorea Bilbao Eus- kara eta Kultura foru diputatuak: «Gernika-Lumotik mundura zabaltzeko erakusketa dinamikoa da honakoa».
Bilbaok 2018. urtea «Europako kultura ondarearena» dela adierazi zuen, «itzalean dagoen ondarea erakusteko garaia, beraz». Eta basokortei buruzko lehenengo erakusketa horrek lurrak biribilean nola antolatzen zituzten jakiteko balio duela aitortu zuen: «Honen bidez, hobeto ezagutu ahal dugu zelan bizi ginen aspaldiko garaietan, zein zen gure antolatzeko modua».
Mendietako lursailak dira kortak, Euskal Herriko lurrak antolatzeko modurik zaharrenak. Biribilak dira aurkitutako aztarna gehienak; Nafarroan, ostera, karratuak. Korta horiek historian utzitako eta aurkitutako aztarnak biltzen ditu zortzi gunetan banatutako erakusketak. Bilbaoren berbetan, «erdiko harri handi batetik abiatuta eratu diren mendiko lurren ezaugarrietan» sakontzen du erakusketak; izan ere, horien jatorria, erabilera eta garapen historikoa aurkitu daiteke museoko azken solairuan. Besteak beste, zertarako erabiltzen ziren, zelan sortzen zituzten eta noren menpe zeuden zehazten du.
Euskal Herriko hainbat abizen, baserri eta paisaien jatorria dago basokortetan; euskaldunek sortu zituzten lursailak dira, eta oraindik inguruan aurki daitezke. Deituren jatorria argitzeko beharrezkoa den kontakizuna ematen du erakusketak, informazio panelez lagunduta. Gainera, dokumentu eta bideoez gain, kortetako zenbait mugarri zentral ikusi daitezke museoan, bakoitza dagokion idazkunagaz.
Erakusketak gertakari orokortu baten ikuspegia eskaintzen du, lehen kortak mendi lur guztiak hartzen zituzten eta. Hala ere, gaur egun, korten %20 besterik ez da ezagutzen.
Ekintza bereziak
Irailaren 28an eta 29an (bariku-zapatua), basakortei buruzko erakusketagaz erlazionatutako hainbat ekintza burutuko dituzte eskualdean. Barikuan, Euskal Herriko Saroiak ikerketa lana laburtuko duen hitzaldia emango dute Euskal Herria Museoan, eta zapatuan, berriz, eskualdeko saroiak ikusteko ibilbide gidatua egingo dute; Arrieta eta Busturia artean ibiliko dira ibilaldian.
Txangoak eskualdeko basokortak bisitatzeko aukera ederra eskainiko duela adierazi du Bilbaok, nora begiratu behar den jakiteko aukera emango duelako: «Nora begiratu ez dakigulako, ikusteko zailak izaten dira saroiak».