Udako hilabeteetan hainbat neurri ezartzen ditu udalak, baina, aurten zenbait berrikuntza sartu dituzte. Horietan nagusiena da
debekatuta dagoela Donibane plazan zein Goikobideako espaloian aparkatzea.
Hala, Nagusia, Aritza, Altxikar (1-8), Kalebarria, Belen, Jesus, Aboitiz eta Kortazar kaleetan ibilgailuen zirkulazioari dagozkion hainbat aldaketa egin dituzte. Eako herrigunean hirigintza berezia dela-eta, arazoak sortzen dira oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorriak bideratzeko, herrigunea ez baitago ibilgailuen zirkulaziorako diseinatua. Horri irtenbidea eman asmoz hartu dituzte aipatu neurriak. Oinezkoen erabilera “atsegina eta segurua” izatea da helburua, eta aldi berean, egoiliarren, merkatarien eta egoera berezian dauden beste herritar batzuen garraio beharrak asetzea.
Zamalan arinak (3,5 Tmtik beherako gehieneko pisu baimenduna eta 3mko galiboa duten merkataritza ibilgailuak) Denda kalean egin behar dituzte, astelehenetik barikura 09:00etatik 12:00etara, jai egun eta igandeetan izan ezik. Horretarako, ibilgailuak Donibane plazatik sartu eta Kurtzia kaletik atera behar dira.
Zamalan astunak, berriz, (3,5Tmtik gorakoak edo 3mko galibo baino gehiagokoak) Aboitiz eta Kortazar enparantzan egin behar dituzte, astelehenetik barikura 09:00etatik 12:00etara.
Uztailaren 13tik irailaren 8ra debekatuta dago ibilgailu motordunak Nagusia, Aritza, Altxikar (1-8), Kalebarria, Belen eta Jesus kaleetan eta Aboitiz eta Kortazar Enparantzan aparkatzea, ibilgailu baimenduek izan ezik.
Baimena jasotzeko Eako udalerriko ibilgailuen erroldan erroldatuta egotea beharrezkoa da, bai eta alta emanda dauden pertsona fisiko edo juridikoak, ibilgailuen zirkulazioko udal zerga Eako udalerrian ordaintzea ere. Baimen eskaria udaletxean egin behar da.
Nagusia, Aritza, Altxikar (1-8), Kalebarria, Belen, Jesus eta Aboitiz eta Kortazar kaleetatik igarotzeko baimena dute garajeetara doazen ibilgailuek eta bidaiarien zamalanetan ari direnek. Sarbideei dagokionez, Kalebarria eta Jesus kaleetara Altxikar kaletik baino ezingo dute sartu ibilgailu gurpildunek, eta Kale Nagusira, kaletik bertatik. Altxikar auzorako sarbidea Altxikar kaletik izango da eta irteera Bis kaletik.