Udako arratsaldeetan, Pasealekua kirol zaleen topagunea

Azken urteetan jokatu gabe egon eta gero, kirolagaz herritarrak Pasealekuan batzen dituen torneoa bueltatu da Gernika-Lumora. Eguaztenean jokatutako saskibaloiko eta futboleko partidekin hasi zuten aurtengo 33. Pasealekuko Udal Kirol Torneoa, eta dagoeneko jokatutako hiru egunetan jendetza batu da.

Neska, mutil, gazte zein nagusiek eman dute izena futboleko eta saskibaloiko torneoetan. Guztira zortzi izan dira saskibaloian jokatzera animatu diren taldeak, eta 22 futbolean jokatzen ari direnak. Arratsaldez dira partiduak, astelehenetik barikura bitartean, eta 18:00etan hasten da lehenengo norgehiagoka.

“Lan askoren emaitza” dela txapelketa azaldu dute antolatzaileek, eta talde guztiak koordinatzea ez dela erraza izan aitortu dute. Hala ere, herritarrek Pasealekua betetzen dute egunero, lagunen partiduak ikusteko asmoagaz hurbiltzen baitira bertara.

Ohitura den legez, eserlekuak dira lehenengo betetzen diren tokiak, baina bai futboleko zein saskibaloiko zelaiak animatzeko prest dauden herritarrez inguratzen dira. Txalo eta animo mezuekin giroa berotzen dute bertaratutakoek.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend