Manu Leginetxeren 34 ale hartu ditu dohaitzan Arratzuko Udal Liburutegiak

Arratzuko Udal Liburutegiak Manu Leginetxe kazetari arratzuarraren 34 ale hartu ditu dohaitzan. Leginetxeren artxibo pertsonala Euskadiko Artxibo Historikora eramateko egin den bigarren jardunaldia izan da honakoa.

Belendiz auzoan jaiotako kazetariak bere lan batzuk eskaini zizkion Arratzuri bizirik zegoenean, baita Gernika-Lumori ere. Manu Leginetxek eskainitako artxibo pertsonal hori Euskadiko Artxibo Historikora eramatea kudeatu zuen orduan Arratzuko Udalak, eta orain, haren familiak eta senideek eman dizkiote Udal Liburutegiari Leginetxeren 34 kazetaritza ale.

Josu Olano Arratzuko alkateak esan du, Eusko Jaurlaritzak burututako digitalizazio lanari esker, “modu unibertsalean eta ondo zainduta” izango dutela Leginetxeren dohaitza herrian: “Oso harro sentitzen gara gure seme ospetsuagaz, eta  Arratzun beti gogoratuko dugu zein abenturazalea zen. Belendiztik aterata mundu osoan zehar ibili zen kazetariaren ametsa egi bihurtu zuen Leginetxek. Orain, Leginetxeren familiaren eta kolaboratzaileen laguntzagaz gure liburutegi xumean betirako gordeko dugu bere legatuaren zati bat”.

Arratzuko Udal Liburutegia Euskadiko Liburutegien Sarearen barnean dagoela jakinarazi du udalak; beraz, liburutegien arteko maileguak eta kontsultak egin daitezke.

Ibilbide profesionala. Aljeria, India, Pakistan, Vietnam, Korea, Libano, Afganistan eta Nikarauako gerrak gertutik bizi izan zituen Leginetxek, eta horietan gertatutakoari buruzko informazioa argitaratu zuen hainbat komunikabideetan. Era guztietako erreportajeak egin zituen, bere ibilbide profesionalean hainbat sari eskuratuz. Gerra kazetari moduan egindako lanak dira 34 ale horietan aurki daitezkeen batzuk.

Leginetxek Euskal Kazetaritzaren saria jaso zuen 2007an, eta El Club de los faltos de cariño liburuagatik Euskadiko Literatur saria lortu zuen urte bete beranduago. 2008an gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaitar Argia izendatu zuen. Aipamen guzti horiek gogoratu zituen Arratzuko Udalak joan den astean, eta Leginetxe familiaren panteoian lore eskaintza burutu zuen.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend