Oraintsu pasatu da nire urtebetetze eguna. Jende askori ez zaio bere eguna batere gustatzen, baina niri ilusioa egiten dit urtero, egun batez, behintzat, gure amak erditu ninduen egunaz akordatzeak. Eta sei urte egin nituenean oparitu zidaten pastelaz, amamarik gabeko lehenengoaz, afari on hartaz edo lehengusu txikiarekin pasatakoaz. Egun erreferentea da, eta bizitzari errepasoa emateko balio du urtebetetze egunak. Gaur X urte non eta nola geunden jakiteko.
Ezinegona ere sortzen du norbere egunak sarritan. «Urte bete gehiago» esaten duten bakoitzean «edo bat gutxiago» barrutik pentsatzen hasten zaren momentutik aurrera, batez ere. «Zertan ari naiz», «iaz berdin nengoen», «duela bost urtetik zenbat aldatu diren gauzak» edo «datorren urtean ez naiz horrela egongo» guztien ezinegona. Aldaketez edo aldatu ez direnez konturatzeko eguna da urtebetetze eguna.
Aurten, nire egunean, mugikorreko aplikazio bati buruz berbetan egon ginen kuadrillan. Batzuk bazeukaten, besteok ez.
Barre apur egin zuten historiaurrean geratuta ei gaudenon kontura, eta algara artean, hauxe esan zuen lagun batek: «Pertsona ez da zahartzen adinean gora egiten duenean, munduan atzean geratu denean baino».
Erlojuaren orratzek buelta batzuk eman dituzte nik esaldi horri bueltak eman artean. Arrazoi osoa dauka. Iraganean kateatuta geratzen dena arinago baitoa zahartzen, bere egunekin batera aurrera doana baino. Zahartu trapuak zahartzen direlako, bestea adinean eta adinarekin aurrera egitea baino ez da.
Datorren urterako eguneratuko dut aplikazioa. Mugikorrekoa eta besteren bat, ahal bada.