Ibon Goieaskoetxea preso busturiarra Mont de Marsan espetxera hurreratu dute

Etxerat elkarteak jakitera eman duenez, Frantziako espetxeetan dauden Ibon Goieaskoetxea busturiarra, Igor Suberbiola donostiarra eta Asier Bengoa gasteiztarra hurreratu dituzte. Goieaskoetxea eta Suberbiola Arlesen zeuden, etxetik 750 bat kilometrora; orain, baina, Mont de Marsaneko kartzelara lekualdatu dituzte; alegia, 234 bat kilometrora. Bengoa, aldiz, Clairvauxtik Lannemezanera hurreratu dute; Gasteiztik 330 kilometrora dago orain.

ibon

2010. urtean atxilotu zuten Busturiko euskal preso politikoa Frantziako ipar-mendebaldean, “ETAko logistika militarraren arduradun izatea egotzita”. 2015eko uztailean hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zion Frantziak busturiarrari. Ekainaren 22an hasi ziren Goieaskoetxea epaitzen Parisen, haren aurkako 31 deliturengatik. Bi zigor zituen aurretik Frantzian; batetik, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2014ko abenduan, auzi-hiesean zegoeneko epaiketari helegitea jarri ondoren, eta, bestetik, 2013ko apirilean, zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zion Frantziako Auzitegiak, 2007ko abenduan, Capbretongo (Frantzia) kafetegi batean bi guardia zibilen hilketan parte hartzea leporatuta.

Hirugarrenagaz, hala ere, zigor danak bateratu eta horietako luzeena betetzera kondenatu zuten busturiarra. Hamalau urteko espetxealdia betetakoan, Espainiaren esku utziko dute presoa, haren aurkako euroagindua betez.

2016ko urriaz geroztik egon da Goieaskoetxea Arlesko espetxean. Presoaren ama Lourdes Arronategik gutun bat bidali zuen Frantziako ministeriora, bere eta bere senarraren osasun arazoak zirela eta, semea etxetik gertuago dagoen kartzelaren batera mugitzeko eskatzeko. Orduko hartan, Valence espetxean zegoen, eta Euskal Herritik zertxobait gertuago egotea lortu zuten presoen gurasoek; hala ere, oraindik ere, 750 bat kilometrora zuten semea. Valencera ekainean lekualdatu zuten Fleury kartzelatik –930 kilometrotara dago–.

Amaren hileta. Aurtengo otsailaren 20an zendu zen Ibon eta Eneko Goieaskoetxea euskal preso politikoen ama. Familiakoek hiletak atzeratu eta bitan banatu zituzten, bi anaiek amari azken agurra emateko aukera izan zezaten. Busturian egin zuten bata otsailaren 26an, eta bertan izan zen Eneko. Beste hileta, aldiz, Zokoan egin zuten martxoaren 13an. Ibonek aspalditik eskaera egina izan arre, Frantziako espetxe administrazioak ukatu egin zion horretarako baimena. Beraz, ezin izan zuen bere amari egin zioten hiletan egon.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend