«Erasoak denon ardura dira; edonork erantzun dezake erasoen aurrean»

Karmengo jai feminista, libre eta denen gozamenekoak nahi dituzte Markina-Xemeingo Bagaittun talde feministakoek, eta jaien aurretik erasoen aurkako lanketa egin dute herrian.

Zer nahi duzue aldarrikatu Bagaittun taldetik jaietarako?

Maitane Gabiola: Jai feministak aldarrikatu nahi ditugu, libreak eta denon gozamenekoak. Jaiak egunerokotasuna albo batera laga eta normalean egiten ez dena egiteko direla ematen du, baina ez da horrela. Jaiak bizitza errealaren karikatura dira, harreman sozialen isla handia. Horregatik nahi ditugu jai libreak, egunerokotasunean libre eta zapalkuntzarik gabeko bizitza nahi dugulako.

Zenbaiterainoko garrantzia dute aldarrikapenek?

Udane Barinagarrementeria: Mobilizazioek garrantzia handia dute gaia ikusarazteko. Ahalduntzeko balio dute, konplizeak bilatzeko eta asko garela konturatzeko. Erasotzaileek inpunitatea galdu eta emakumeek indarra hartzeko balio dute.

Emakumeen aurkako erasoek oihartzun gehiago hartzen dute jaietan, baina zergatik gertatzen da hori?

M.G.: Erasoak egunero daude, eta jaietan agerikoago bihurtzen dira eremu publikoan direlako. Argi daukagu eremu publikoan desagertzeak pribatuan ere eragina duela, eta horregatik dira hain garrantzitsuak jai gunean egiten diren lanketak.

Erasoren bat izanez gero, ze bide jarraitu beharko litzateke?

U.B.: Txosnagunerako protokoloa egin genuen orain urte batzuk, eta urtez urte osatzen joan gara. Alde batetik, erasoei buruzko atala dago. Erasoak ez dira bakarrik bortxaketak edo ukituak, irainak edo jarrerak ere badira. Bestetik, gure jarrerei buruzko atala dago. Honetan agertzen dira barra barruan daudenek kontuan hartu beharrekoak; nola erantzun behar den eraso mota bakoitzaren aurrean, zein jarrera hartu. Txosnagunean zerbait gertatuz gero, barrara jo eta bertan dagoen edonori esan behar zaio. Argi esan nahi dugu erasoak denon ardura direla: edonork erantzun dezake eraso baten aurrean. Horrela eginez gero, gainera, arinago lortuko dugu eraso guztiekin amaitzea.

Jaiak emakumeen kontrako erasoak gaitzesteko manifestazioagaz hasi dira. Zer nahi izan duzue irudikatu?

U.B.: Beste behin ere inongo erasorik onartuko ez diren jaiak izango direla gogorarazi nahi izan dugu. Batez ere, honen kontra asko garela ohartarazi. Erasoak ematen dira, mota askotakoak: biluzten gaituzten begiradak, gutxiesten gaituzten txisteak, nahi ez ditugun piropoak, etxera bakarrik joatean sentitzen den beldurra... Horiek guztiak, tamalez, existitzen dira. Manifestazioagaz horrelakorik ez pasatzea, eta pasatzen bada, erantzun egingo dela ohartarazi nahi izan dugu. Nahita egin da Karmen jaien hasieran, prebentzio lana egiteko.

Bestelako aldarrikapenik egiteko antolatu al zarete emakumeok?

M.G.: Bagaittun Txosna Batzordearen parte da. Azken urteetan itzelezko lanketa egin du Txosna Batzordeak feminismoaren arloan: lantalde guztietan erdiak edo gehiago dira emakumeak, eta ikuspuntu feminista txertatu dute. Musika lantaldeak sekulako lana egin du txosnetan entzungo den aukeraketan. Ez da kanta matxistarik egongo, eta emakume musikarien presentzia inoiz baino handiagoa izango da.

Jaixek eta Erasuek tailerra antolatu zenuten. Zertarako bultzatu duzue?

M.G.: Tailerra herritar guztiei zuzenduta egon zen. Alde batetik, ohikoak diren erasoak identifikatu genituen, eta, bestetik, horien aurrean hartu beharreko jarrera egokienen bila ibili ginen. Jaien testuingurutik apur bat atera nahi izan genuen, distantzia apur bategaz hobeto aztertzen direlako egoerak. Tailer zein ikastaroak aurrera begirako pausoak dira, eta horretan jarraituko dugu eraso matxista guztiak amaitu arte.
Ez dago iruzkinik

Send this to friend