Alex Uriarte Atxikallende: ‘Hilten dakiena’

Asko mirestu izan dot beti hilten dakien jendea, hilteko ikaraz bizi diran kristinau oilobustien —nahiz pareko koldarren— aldean. Hilten dakiena jakintsua da, bizitzen jakin dauan zantzu. Bizitearen ezaugarri bat baino ez da heriotzea, unerik gailurrena; horretara pakean iritsi danak badaki pakean biziteaz zeozer.

Laurogeita hamasei urte zituala, itsututa eta monasterioan deus egiteko gauza ez, Yamamoto Gempo Roshi maisuak hilteko ordua ailegau jakola deliberau eban, eta jateari itxi eutson. Ikasleei jateari muzin egitearen arrazoiaz itaundu eutsienean, erantzun eutsen esanaz behar baino gehiago biziten ari zala, eta arazoak sortuten eutsiezala guztiei. Arrapostu eutsien: «Baina, maisu, urtarrilean gagoz, jende guztia hotzak jota egongo da zeure hileta eleizkizunean, eta hori bai izango dala benetako eragozpena hareentzako. Jan egizu, arren!». Jaten hasi zan, baina eguraldiak berotu ebanean, atzera jatekoa itxi eta paketan zendu zan.

alex uriarte atxikaZB1771n, Emanuel Swedenborg teologo suediarrak bereak laster batean egin behar ebala antzeman eban. Eguna be esan eutsien bere estudianteei. Azken bidaia egin eban Stockholm-tik Londresera; eta martiaren 29an, arrastiko bostetan, siesta luze batetik iratzartu zan. Aldamenean eukazan bi neskame nahiz ikasle bana. «Bostak al dira daborduko?», galdetu eutsien. Baietz. «Iritsi da ordua, beraz. Eskerrik asko zeuon laguntzinoagaitik. Jaungoikoak bedeinka zatzatela!», eta tenore haretantxe joan zan.

Ernesto Cardenalek, ostera, zera kontetan dau: Aste Santua zan Solentinameko monasterioan. Eguazten santuan, 60 fraide zeroazan kide baten agoni kanpaiak jo ebezen; fraide danak bere gelatik pasau ziran banan-banan, ha agurtuteko. Abadeak, barriz, esan eutson egun hartantxe hilten ez bazan, osteko hiru egun santuatan be ez hilteko, ezingo eutsielako inongo hileta eleizkizunik egin. Arauak halantxerik ei dira. Berbok kontuan hartuta, fraide zaharrak hilzorian segidu eban, antza. Zapatuan, Pazko gauerdian, Jesusen berpizkundea ospatuteko mezea hasi baino lau minutu arinago hil zan. Hortaz, eduki eban, koitaduak, bere hileta eleizkizuna.

1977an, Bob Marley-k Ameriketako Estatu Batuetara bidaia egin eban, bere amari bisitea egin asmoz. Han, hiru lagunegaz alkartu eta, jauzitako enbor baten ganean jarrita, hogeita hamasei urtegaz joango zala aitortu eutsien. Adiskideek agirika egin eutsen: «Ospetsua zara, diru franko irabazi dozu, zer dala eta hil gura dozu hain gazterik?». Hogeita hamabi urte zituan. 1981eko zezeilean, hogeita hamasei urte bete zituan. Maiatzean hil zan.

Dan-danok egingo dogu hanka mundu honetatik, baina geure eskuetan dago emon jakun denporeagaz zer egin erabagitea. Bizitea egun bi baino ez dirala esan ei da, eta, ganera, bat —azkena— maletak egiten zein joaneko bidaia hori atonduten emoten dogu. Aprobetxau daigun, gitxienez, geratuten jakun beste egun hori.

Komunikabidea. Tokiko informazioa euskaraz. Busturialdean gertatzen denaren berri. Kiorla, kultura, gizartea, politika, aisialdia...
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend