Mendieta ontziolak 250.000 euroko partida jasoko du

Espainiako estatuko aurrekontuen baitan sartu zuten ontziola berreskuratzeko partida. Espainiako Gobernu berriko arduradunagaz batzeko zain daude

Lekeitioko Mendieta ontziolaren berreskurapena gero eta hurreago dago. Ontziola konpontzeko proiektuak 250.000 euroko partida jasoko du Espainiako Estatuko aurrekontu orokorretatik. Oraindik ze baldintzatan eskuratuko duten ez dakitela azaldu du Koldo Goitia Lekeitioko alkateak. «Espainiako Gobernuko arduradun berriagaz batzarra eskatu dugu, eta baldintzak zehaztera joango gara Madrilera».

PPren gobernuak aurkeztutako aurrekontuen edukien baitan Mendiolaren berreskurapenaren proiektua aurrera eramateko partida sartzea eskatu zuen EAJk. Espainiako Gobernu aldaketagaz, baina, atzeratu egin dira laguntza guztiak. Hala ere, bien bitartean, ontziola egonkortzeko lanekin hasi da Lekeitioko Udala, eta obrak lehiaketara ateratzeko pleguak prestatu ditu. «Ontziolaren alboko etxea husten eta horma batzuk botatzen hasi gara alde batetik, eta ontziolaren hegalak egonkortzen, bestetik».

Monumentu-multzo moduan katalogatuta dagoen ontziolaren berreskurapen proiektua egin ahal izateko, gainera, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bat eduki dutela argitu du alkateak. Ontziolaren berreskurapen lan guztiak gutxi gorabehera 2 milioi euroko kostua izan dezakeela aurreikusten du udalak, eta herriko erakundearentzat konponketak apurka-apurka egitea komenigarriago dela aitatu du, «herriko beste beharrizanetarako ere aurrekontua eduki ahal izateko».

Lau erakunderen artean

Ontziolaren berreskurapenaren ardura ez da Lekeitioko Udalarena bakarrik. Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Espainako Gobernuak eta Lekeitioko Udalak hitzartu dute monumentua berreskuratu eta balioan jartzea, «lau erakundeok zati berdinetara». Hala, guztiak ados dauden proiektua aurrera eramateko hitzarmena daukate sinatuta.

Urtero hobekuntza bat egiten joatea dute asmoa, eta 2025erako ontziola konponduta egotea dute helburu. Goitiak aitatu duenez, baliteke lanak iraun bitartean ontziola zabalik egotea, «Gasteizko Santa Maria Katedralagaz egin zen modura».
Ez dago iruzkinik

Send this to friend