Aritz Abaroa izango da berriz ere EAJren Bermeoko alkategaia
Bermeoko EAJk iragarri du Aritz Abaroa Cantuariense izango dela 2019ko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako aurkeztuko duen alkategaia.Bozeramaile modura egin dituen hiru urteek eta zinegotzi lanetan aritu den lau urteek «udalaren funtzionam...
Bozeramaile modura egin dituen hiru urteek eta zinegotzi lanetan aritu den lau urteek «udalaren funtzionamenduaren eta herritarren beharrei buruzko lehen eskuko ezagutza» eman diotela adierazi du Abaroak. «Udalerriaren etorkizuna lantzeko proiektua» eskainiko dutela aurreratu du alkategaiak, herriak behar duena «etorkizuna zehazten eta eraikitzen joatea» delako.
Udalerriko alderdikideek udaleko talde jeltzaleko bozeramaileak «azken urteetan egin duen lanari jarraipena ematea» hobetsi dute aho batez. Abaroak aukeraketa prozesuan alderdikideek erakutsi dioten «konfiantza eta babesa» eskertu eta konfiantza horri «erantzukizunez» erantzungo diola adierazi du.
Abaroak dio bere jaioterriko alkatetza «berreskuratzeko ahaleginari» ekingo diola, eta horretarako bermeotarren artean «ilusioa piztuko duen» proiektua eskainiko duela, «merezi duten kalitatezko etorkizuna» ahalbidetuko duena.
Herritarrek «Bermeon bizi, lan egin eta gozatu» nahi dutela azpimarratu du, eta hori lortu ahal izateko, bere helburu nagusia «herri gisa eta gizarte gisa» aurretik dituen «erronkak betetzeko aukerak» emango dituen udalerria lortzea eraikitzea izango dela aurreratu du.
Bermeoko Udala «kudeaketa eredu irekira» eramatea bilatuko duela esan du, gardentasunean eta parte hartzean oinarrituta eta kontuak argi eta garbi azaltzea helburu hartuta.
«Busturialde osoan kudeaketa zorrotza, zerbitzu publikoak hobetu beharra, auzoei eman beharreko babesa eta garapen ekonomiko eta soziala aldarrikatzen» jarraituko dutela adierazi du.