Zortzi urteko geldiunea eta gero,
skatea Gernika-Lumora bueltatuko da zapatuan. Musikaz girotutako
12 orduko Ogroskate jaiak doinuz beteko du San Kristobal plaza, eta herritarrak plazara hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek.
Argazkia: Txebi Arriaga
Jendea “irristatzera bultzatzeko” asmoa daukan jaia da Ogroskate, l
ehiatzeari baino parte hartzeari garrantzia handiagoa ematen diona. Skate zaleak batzeko eta skatea sustatzeko antolatu dute festa, “lehen ospatzen zen Agroskate jaiaren ideia eta asmo berdina jarraituz”.
12:00etako skate probekin hasiko da eguna, eta
edozeinek parte har dezakeela azaldu dute antolatzaileek: “Jendeari zuzendutako jaia antolatu nahi izan dugu, edozeinek parte hartzeko aukera edukitzeko; zapatukoa ez da lehiaketa bat izango”. Gainera,
adin guztietako jendea batuko dela aitortu dute antolatzaileek, hasiberriak zein orain dela zortzi urte Agroskate jaian parte hartzen zuten irristalariak egongo dira-eta.
Irristatzaileen
trikimailuak ere ez dira faltako San Kristobal plazan zapatuan.Trikimailuen artean ezagunenetarikoa da Ollie deitutako jauzia, orain 40 urte lehenengoz egin zutena. Hori horrela, trikimailu hori imitatzera bideratutako probak egingo dituzte. “Parte hartzaileen jauziak grabatuko ditugu, eta jauzia asmatu zuen Ollieri bidaltzeko asmoa dugu”.
Musikak presentzia handia. Hamar talderen zuzeneko musikaren doinuek girotuko dute Ogroskate jaia, eta bakoitza ordu erdiz arituko dela oholtza gainean azaldu dute antolatzaileek.
Hamar talde horien artean, eskualdeko Tooth, Puro Odio eta Revertt taldeek joko dute. Hala ere, Primeros Auxilios bezalako talde ezagunak ariko dira besteren artean. 23:00etatik aurrera, festagaz bukatzeko txupina jaurti bitartean, Djak girotuko du plaza.
Egitaraua:
12:00. Jaiaren hasiera.
12:15. Txikientzako eta helduentzako skate probak.
14:00. Bazkaltzeko geldialdia.
16:00. Kontzertuen hasiera eta skate probak.
20:00. Skate librea.
21:00. Sari banaketa.
23:00. Dja .
00:00. Jai bukaerako txupina.